Politika -
Kongresuko kontrol saioa
Rajoyk Sanchezi: 'Zu ez zara Gobernura iritsiko'
Espainiako Gobernu presidenteak horrela erantzun dio sozialisten buruari, azken horrek Gobernuaren hezkuntza erreformek azarora arteko iraungo dutela adierazi ostean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari adierazi dio ez dituela bere helburuak lortuko hurrengo hauteskunde orokorretan. "Orain, zu ez zara Espainiako Gobernura iritsiko", esan dio.
Espainiako Gobernu presidenteak horrela erantzun dio sozialisten buruari, azken horrek Gobernuaren hezkuntza erreformak kritikatu eta horiek azarora arte iraungo dutela ziurtatu ostean, Gobernu berriak horiek indargabetu egingo dituela argudiatuta.
Rajoyk azpimarratu duenez, hezkuntza alorreko erreformen oinarrizko helburuetako bat aukera berdintasuna bermatzea da. Are gehiago, Gobernuak % 25eko eskola porrota gainditzen zuen eredu bat aldatu duela nabarmendu du.
"Eredu hau jasanezina da", azaldu du Rajoyk. Horren ustez, zifra horiek aukera berdintasunak akabatzen dituzte, eta horren aurrean ezer ez egitea "arduragabekeria" litzateke.
Doako hezkuntza publiko unibertsala defendatzen duela nabarmendu ostean, kalitatezko eta etorkizuneko enplegu aukerak sortuko dituenaren alde dagoela gaineratu du. Horren esanetan, indarrean jarritako erreformak ziurtatzen dituen datuak daude, hala nola, lanbide heziketan matrikulatutakoen kopurua handitzea. Gainera, desafioa bota dio Sanchezi, 1977tik aurrera beketara 2014an baino diru gehiago noiz bideratu den esan diezaion.
Rajoyk Andaluziako Gobernuak hezkuntza alorrean egindako kudeaketa kritikatu du, horren esanetan, autonomia erkidego hori baita alor horretan murrizketa gehien egin dituena, eta ikastetxe publikoetan irakasle gutxien dituztenen artean hirugarrena baita. "Beraz, predikatzeaz gain, aplikatzea komeni litzateke", gaineratu du.
Bestalde, Pedro Sanchez buruzagi sozialistak berretsi du Gobernuaren kontraerreformak ikasleen aukera berdintasuna "urratzen" ari direla. Horren hitzetan, sozialistek gobernatu dutenean doako eta kalitatezko hezkuntza eredu bat jarri da indarrean, berdintasuna bermatzen zuena eta "langile baten eta aberats baten seme-alabak gela berean egotea ahalbideratzen zuena".
Azkenik, unibertsitateko ikasketen iraupena flexibilizatzen duen dekretua kritikatu du eta 1.000 miloi euro murriztea soilik duela helburu salatu du. PSOEko idazkari nagusiak "lehen mailako eta bigarren mailako" ikasleak sortu nahi izatea egotzi dio Rajoyri, eta horien etorkizuneko aukerak "euren gurasoen kontu korronteen menpe egotea".