Politika -

Bozketa, Internet bidez

Ahal Duguk zuzendaritza osatzeko prozesua amaitu du

Hiru hautagaitza aurkeztu dira EAEn eta beste hiru Nafarroan, Herritarren Kontseilura bere kabuz aurkeztutakoez gain, horietako batzuk zerrenda itxietako kideak badira ere.

Monedero, Ahal Dugu Donostiak egindako ekitaldi batean. Irudia: EFE
Monedero, Ahal Dugu Donostiak egindako ekitaldi batean. Irudia: EFE
Monedero, Ahal Dugu Donostiak egindako ekitaldi batean. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko Ahal Duguren prozesu eratzailea amaitu da gauerdian. Milaka lagunek izan dute idazkari nagusiak eta Herritarren Kontseilua (zuzendaritza) osatuko duten kideak hautatzeko aukera. Internet bidez egin da prozesua, eta larunbat honetan emango dituzte ezagutzera. Podemoseko zuzendaritza nazionalak jakinaraziko ditu autonomia erkidegoetako hauteskundeen emaitzak.

EAEn hiru hautagaitza aurkeztu dira barne hauteskundeetara, eta beste hainbeste Nafarroan. Gainera, 28 pertsona aurkeztu dira bere kabuz Herritar Kontseilura EAEn, eta 16, Nafarroan, horietako batzuk zerrenda itxietako kideak badira ere.

EAEko hautagaitzak honakoak dira: Orain Ahal Dugu (Luis Angel de Lachina), Euskal Hiria (Roberto Uriarte) eta Sí se Puede, Euskadi, baita ere (Iratxe Osinaga).

Hiruretako batek ere ez du Pablo Iglesiasek, Juan Carlos Monederok eta Iñigo Errejonek zuzentzen duten zuzendaritza nazionaleko babesa jaso, baina guztiek esan dute ildo berekoak direla.

Orain Ahal Dugu da hoberen antolatutakoa, eta udal mailako hogei bat idazkari nagusiren babesa jaso du dagoeneko, tartean Bilbokoarena (afiliatu gehien hor dituzte). Luis Angel de Lachina 34 urteko bizkaitarra da horren hautagaia (Izquierda Anticapitalistatik dator). Lan Harremanetan lizentziaduna eta lan-arriskuen prebentziorako teknikaria da, eta egun langabezian dago.

Euskal Hiria unibertsitatetik bultzatutako hautagaitza da, Podemoseko nazio mailako agintariek egin zuten bezala. Zerrenda honen buru Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle bermeotarra da.

Orainek eta Euskal Hiriak “ez erasotzeko” ituna egin zuten kanpainan, eta, gainera, Herritarren Kontseiluko kide izateko hautagaiak ez aurkeztea adostu zuten, organo horretan aniztasuna ziurtatzeko asmoz.

Hirugarren hautagaitza (Sí se Puede, Euskadi, baita ere) azkena izan zen aurkezten; hasieran, Euskal Hiria hautagaitzaren ildoetatik igaro ziren. Idazkari nagusi izateko hautagaia Iratxe Osinaga da, Zuzenbidean lizentziaduna, hain zuzen.

Ahal Dugu Nafarroak, era berean, idazkari nagusia, Kontseilu Politikoa eta Berme Demokratikoen Batzordea osatuko du, aurkeztu diren hiru hautagaitzako kideekin eta independenteen zerrenda batekin, zerrenda irekiak baitira.

Navarra sí puede - Nafarroak ahal du (Joan Bosch buru, 26 hautagai aurkeztu ditu Herritar Kontseilurako eta bi, Berme Demokratikoen Batzorderako); 100% ADN Podemos (Sandra Gonzalez buru, 11 hautagai Herritar Kontseilurako) eta Podemos cambiar Navarra - Nafarroa aldatu ahal dugu (Laura Perez, 27 hautagai, Herritar Kontseilura, eta 3, Berme Demokratikoen Batzorderako).

Ahal Duguk ohar baten bidez zabaldu duenez, horiez gain, hautagaitza independenteak daude (16, Herritar Kontseilurako), aurreko zerrendetan ageri ez direnak.

Bi astez kanpainan izan eta gero, hautagaitzek amaitutzat eman dute prozesua Iruñean egindako ekitaldi batean, Joan Boschekin, Iñigo Errejon Podemoseko bigarrenaren babesarekin; Laura Perezek egindako beste ekitaldi batekin, bestetik, eta Sandra Gonzalezen beste batekin, igandean, azkenik.

“Ahal Dugu aktore kolektiboa eta mapa politikoa aldatu duen tresna da, eta aldatzeko aukera islatzen du, gehiengoak zigortuta”, esan dute, eta nafarrei parte hartzeko deia egin diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi politikoak bideoak