Politika -
Iruñea
Olaizen bizilagunek atxilotuaren egoera salatu dute
Iruñeko Alde Zaharreko herritar talde horrek manifestazioa deitu du otsailaren 20rako, "STOP politika kriminala!" lelopean.
Erredakzioa
Iruñeko Alde Zaharreko herritar talde batek, Jorge Olaiz presoaren bizilagunek, atxilotu berriaren egoera salatu du, eta "eraso errepresibo" horrekin Nafarroako "aldaketa" politikoa geldiarazi nahi dutela adierazi du.
Herritar talde horrek prentsaurreko batean azaldu duenez, Olaiz "ustezko lekuko baten agerpen misteriotsu baten" ondorioz kartzelatu dute, eta lekukoak adierazpenak kontraesankorrak egin zituen epaiketan.
Amaia Elkanok eta Ivan Garciak irakurri duten agiriaren arabera, Olaiz kartzelatzea agindu dute "oinarri sendorik eta epaiketa justurik egin gabe ere".
Erabaki horrek "Nafarroan eta Euskal Herrian dagoen aldaketarako nahia oztopatzea" omen du helburu, "bakerako irekitako bidea amaitzearekin" batera.
Iruñeko Alde Zaharreko herritar talde horrek manifestazioa deitu dute otsailaren 20rako, “STOP politika kriminala!” lelopean.