Politika -
Irregulartasunak
Madrilgo Gobernuak epaileei ordainketak egin dizkien ikertzen ari dira
Francisco Vieira Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak onartu du dirua jaso izana. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ikerketa jarri du abian.
Erredakzioa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) ikerketa jarri du abian, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuak Indra enpresa pribatuaren bitartez epaileei eta idazkari judizialei ordainketak egin ote dizkien argitzeko.
Francisco Vieira Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak onartu du dirua jaso izana, eta, ondorioz, BJKNk galdeketa egingo dio astearte honetan.
Polemika El Pais egunkariak gaur argitaratutako informazioaren harira piztu da. Egunkari horrek zabaldu duenez, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak Indra enpresarekin akordio bat du, epaitegietan hobekuntza teknologikoak gauzatzeko proiektuaren baitan aholkulari lanak egiten dituzten epaile eta idazkari judizialei ordaintzeko.
Iturri horren arabera, 32 juristak 200.000 euro baino gehiago jaso dituzte, tartean Vieirak. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan zuen epaileak ez zirela Indrarekin elkarlanean arituko, konpentsazio ekonomikorik jaso ezean.
Hori horrela, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ikerketa hasi du.