Politika -
Nazioaren Egoera
Sanchez, Rajoyren agintaldiaz: 'Prekarietatea, zergak eta Barcenas'
Espainiako Gobernuaren presidenteak erantzun dio ez duela "maila eman" gobernuburu izateko, eta agerraldia "negargarria" izan dela. CiUk, Ezker Anitzak eta UPyDk ere hitz egin dute.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eguerdian egindako agerraldi luzearen ondoren, oposizioko alderdi politikoen txanda izan da, eta gaurkoan CiUk, Ezker Anitzak eta UPyDk erantzun diote Espainiako gobernuburuari, eta bihar izango da euskal alderdien txanda (EAJ, Amaiur eta Geroa Bai).
Pedro Sanchez PSOEren buruak Nazioaren egoerari buruzko Eztabaidan adierazi duenez, Mariano Rajoyren Gobernuaren legegintzaldia hiru kontzepturekin labur daiteke: "Prekarietatea, zergak eta Barcenas". Gainera, PSOEren buruak salatu du presidenteak ez dakiela zer gertatzen zaien herritarrei, eta horregatik dagoela gustura.
"Zer dakizu espainiarrez?", galdetu dio Sanchezek presidenteari. "Zein kaletan ibiltzen zarete? Norekin hitz egiten duzue?", gaineratu du eztabaidan egin duen lehenengo agerraldian. PSOEren idazkari nagusiak azpimarratu du Rajoyren Gobernuaren hiru urtetan lan prekarietatea nagusitu dela, eta espainiarrei "zerga bidez 23.000 milioi euro gehiago" ordaintzera behartu zaiela.
Legegintzaldia laburtzen duen hirugarren kontzeptua Rajoyk 'sms' bidez "gaizkile batekin" izandako harremana omen da, Luis Barcenas PPren diruzain ohiari erreferentzia eginez. "Horiek dira zure lorpenak", adierazi dio.
"Zure jarrera positiboak ez du justifikaziorik. Are gehiago, zuk ere ez duzula sinesten esango nuke, eta jarrera elektoralista da", gaineratu du.
Bestalde, buruzagi sozialistak adierazi du Rajoy "gezurretan" ari dela Espainiaren erreskatea saihestu zuela dioenean: ?"Errealitateak erakusten du erreskatatua izan zela Bankiaren kudeaketa txarraren ondorioz".
Gainera, bere politikak "espainiarrei garesti" ateratzen zaizkiela kritikatu du, eta gogorarazi dio bere "esku dauden prezioak igo eta igo" egin direla legegintzaldi honetan, sendagaiei (%52), gasari (%10), urari (%16) eta argindarrari (%13) erreferentzia eginez.
Hala eta guztiz ere, Sanchezek aitortu du ekonomiak hobera egin duela, baina petrolioaren beherakadagatik, euroaren merkatzeagatik eta Europako Banku Zentralak hazkunde politikekin izan duen konpromisoagatik dela azpimarratu du.
PSOEren idazkari nagusiak gaineratu du presidenteak gaur goizean iragarri dituen neurriak "bere politikak betetzeko edo zuzentzeko" direla. "Zuk dagoeneko ez diozu inori ziria sartzen", leporatu dio.
Ustelkeriari dagokionez, buruzagi sozialistak esan du Rajoyk proposatzen duen demokraziaren biziberritzea "diferituan kaleratzea" eta "Barcenasen ordenagailua mailukadaka txikitzea" dela.
"Bere demokraziaren biziberritzea Zigor Kodea bakarrik onartzean, Gaztela-Mantxan bere neurrira egindako Estatutua inposatzean, RTVEren buru Telemadriden presidente ohia jartzean eta datu ofizialak nahieran erabiltzean datza. A ze biziberritze demokratikoa, Rajoy jauna!", azaldu du Sanchezek.
PSOEren idazkari nagusiak Konstituzioaren erreforma aldarrikatu du, herritarrek datozen 20 edo 30 urteetan izango dituzten beharrei egokitzeko, eta Konstituzioan "koma bat bera ere aldatu nahi ez" dutenak eta "likidatu" nahi dutenak kritikatu ditu.
Testuinguru horretan, Sanchezen ustez, Kataluniaren egoera da "herrialde proiektu gabeziaren" eta "eredu autonomikoaren blokeoaren sintoma" nagusia.
Horren guztiaren aurrean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak erantzun dio ez duela "maila eman" gobernuburu izateko, eta agerraldia "negargarria" izan dela.
Eztabaidan Sanchezi eman dion bigarren erantzunean, Rajoyk erantzuna idatzita eraman izana leporatu dio PSOEren idazkari nagusiari.
Gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak esan du zalantza duela ea Sanchezen kezka nagusia zein den: Pablo Iglesias Podemosen buruzagia ala Susana Diaz Andaluziako PSOEren burua.
"Hori bai, kezkatzen ez duena espainiarren interesak dira, ezta PSOE nora eraman duen azken inkestetan", adierazi du Rajoyk, PSOEren aurreikuspen txarrek bera behintzat kezkatzen dutela azaldu aurretik.
CiU
Josep Antoni Duran Lleida CiUren Kongresuko bozeramaileak Kataluniaren arazoari erantzun politikorik ez ematea "arduragabekeria" dela egotzi dio Rajoyri; horrek arazoa "betikotzeko" arriskua eragiten duelako.
CiUren buruzagiak esan du "agerian" geratu dela Espainiako Gobernuak ez duela arazo politiko horri erantzun politikoa emateko gaitasunik, eta irtenbidea, azkenean, herritarrei galdetzea izango dela.
Beste alde batetik, CiUren bozeramaileak aitortu du Rajoyk "ongi" egin zuela erreskatea ez zuenean eskatu, baina aurreko legegintzaldian, PSOErenean, saihestu izana ere txalotu du.
Rajoyk erantzun dio Kataluniaren egoeraz hitz egiteko prest dagoela, baina argi adierazi dio ez duela berekin Espainiaren batasunaz, subiranotasun nazionalaz edo espainiarren berdintasunaz eztabaidatuko.
Duran Lleidari erantzuteko agerraldian, Rajoyk bat egin du CiUren ordezkariarekin "arazo politiko" horri erantzun behar zaiola esan duenean, baina arazo politiko larriagotzat jo du "legea ez betetzea".
IU-ICV
Alberto Garzon Ezker Anitzaren (IU-ICV-CHA) bozeramaile ekonomikoak Rajoyren Gobernuari leporatu dio jendeak bizi duen "miseria"ren erantzule izatea, eta herritarren beharretara egokitutako "herrialde berri bat" eraikitzearen alde egin du, ezkertiarren printzipioetatik abiatuta.
"Zure kontaketari ez zaio azala bakarrik falta, zuhurtzia eta lotsa ere bai. Esan dituzun gauzen erdiak gezurra dira, eta beste erdia gizartearen gehiengoa egungo egoera larrira eraman duten politika suiziden apologia lotsagabea. Atera zara noizbait Moncloako bunkerretik? Jendearen bizimodua ez da zoriaren ondorio, baizik eta zure politiken ondorio", gaineratu du.
Celia Villalobos Kongresuko lehen presidenteordeak kargu hartu dio Joan Conscubiela ICVren ordezkariari, Mariano Rajoyri "mafiaburu" deitzeagatik PPren ustelkeriaz ziharduenean.
"Ustelkeriaz hitz egin duzu ustelkeriaren kontra egin duzun adina. Ezin diozu ustelkeriari aurre egin, ez baituzu ahalmen moralik, mafiaburua zarelako, eta horrela ezinezkoa da", esan du Coscubielak.
Rajoyk, berriz, Garzon IUren hautagaiaren esperientzia politiko eskasa azpimarratu du, eta, ironiaz, IU alderdi perfektu bakartzat eta politika sozialen eta sentimenduen jabe bakartzat edukitzea kritikatu du.
UPyD
Rosa Diez UPyDren bozeramaileak ustelkeria kasuetan jarri du arreta, eta "gezurti"tzat jo du Gobernuko presidentea, "ustelkeria sarearen" kide zelako, eta epaileak PP "diru beltzarekin finantzatu zela esan zuen unean" kargua utzi behar zuela esan du.
Horren harira, Diezek esan du Barcenasi "indartsu" egoteko eskatu zionean frogatu zela Rajoy "ustelkeria sarearen kide" zela, eta gero "gezurrak" geratu zirela agerian, PPren "kontabilitate bikoitza" frogatu zenean "inolako deliturik ez" zegoela esan zuelako.
Hala, UPyDren bozeramaileak ohartarazi dio, Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin 2011n gertatu zen moduan, arrazoi beragatik galduko dituela hauteskundeak: "Espainiarrei gezurra esateagatik".
Erantzunean, Rajoyk "apalago" jokatzeko eskatu dio Diezi, eta adierazpen ironikoak egin ditu UPyDk inkesten arabera hauteskundeetan izango dituen emaitza txarren eta alderdi barruko eztabaiden inguruan.