Politika -

Nazioaren egoeraren eztabaida

Rajoy eta euskal taldeen arteko eztabaida, lerroburutan

Eskumenen afera bere agendan dagoela erantzun dio Rajoyk Aitor Estebani. Horrez gain, ETA desegin arte ez duela espetxe-politika aldatuko berretsi du.

Francoren garaian errotuta dagoela esan dio Amaiurrek Rajoyri

1:48

IKER GOMEZ / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioa egiten ari dira Madrilgo Kongresuan. Gaurkoan, EAJrekin eta Talde Mistoan dauden alderdiekin eztabaidatzen ari da Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Tribunara igotzen lehena Aitor Esteban EAJko bozeramailea izan da. Hauek dira Estebanen hitzaldiaren lerroburu nagusiak:

- "Oso hipokrita da Euskadin, Bildurekin batera, ikerketa batzordeak bultzatzea, eta Madrilen gehiengo absolutua erabiltzea horrelako ekimenak bertan behera uzteko".

- "Ondo ezagutzen du lehendakariak zein motako elkarrizketa den Rajoyk eskaintzen duena: alegia, egindako proposamenei erantzunik ez ematearena".

- "Atzeraldia atzean utzi dugu; ez, ordea, krisia"

- "Euskadi ez da inoiz zure agendan egon. Horren islada, lehendakariak egindako proposamenei erantzun ez izana. Zure Gobernuak ez du erantzunik eman". - "Bi arazo dituzu mahai gainean: Kataluniakoa eta Euskadikoa, alegia".- "36 urte igaro direnean, Autonomia Estatutua bete gabe dago"

- "Bakea indarkeria ez egotea baino askoz gehiago da eta bizikidetza, aldiz, bakea baino gehiago"- "Guk bai, mugimenduak nahi ditugu, euskal gizarteak aurrerapausoak nahi ditu: ETAren desarmea, egindako kaltea onartzea, espetxe politika berri bat eta presoak gerturatzea".

- "Egoera aldatu egin da. Espetxe politika ezin da berdina izan orain eta ETAk atentatuak egiten zituenean. Ez du zentzurik politika horrekin jarraitzeak, nahiz eta zure alderdiko eskuindarrenek presioa egin. Legedia aldatu gabe, posible da legedi hori hobeto aplikatzea".

Rajoyren erantzuna Aitor Estebani

- "Ez naiz herstura ekonomikoaren aldekoa, sen onaren aldekoa baizik".

- "Eskumenen gaia nire agendan dago, bai, baina batzuetan ez da hain erraza izaten akordioa lortzea".

- "ETA desegin arte ez dut espetxe politikan aldaketarik egingo".

Sabino Cuadraren (Amaiur) lerroburuak

- "Lau herritarretatik bat pobrezia eta esklusio egoeran egoteko arriskuan dago. Non ikusten duzu hemen alaitasuna eta errekuperazioa? Espainiak gehien esportatzen duena pertsonak dira, ihes egiten duten pertsonak".

- "Erreformak eta legeak inposatzen dizkiguzue. Hau ez da demokrazia bat, frankokrazia baizik".

- "Gure herriko prozesua eztandarazten saiatu zarete, gatazkan erosoago sentitzen zaretelako".

- "Dispertsio politika presoen senideak zigortu nahi dituen mendeku koldarra besterik ez da".

- "Euskal Herrian, indarkeria politiko mota bakarra dago gaur egun: Estatuak egindakoa, alegia".

- "Zure alderdiak, zure Gobernuak, askatasunak ukatu zituen frankismoarekin lotura estuak ditu".

- "Irakasgaiak zure alderditik? Bat ere ez. Norbaitek ustelkeriaz hitz egiten duenan, altxa eskua. Baina moralaz ala etikaz, ilaran jarri eta isilik egon".

- "Ahaztu ezazue garaipen frankista bat lortzeko aukera".

Uxue Barkosen (Geroa Bai) lerroburuak

- "Atzo, zure soldaduei adorea eman zenien bitartean, gizarteari bizkarri eman zenion".

- "Penagarria da euskara oraindik debekatuta izatea (Kongresuan), eta, horregatik, hau ez da inoiz nire aitaren etxea izan". Esandakoagatik, Celia Villalobos presidenteak hitz hauek esan dizkio Uxue Barkosi: 'Demokrazia Legea betetzea da'.

Rajoyren erantzuna Talde Mistoari

- Sabino Cuadrari erantzuna: 'Gutaz esan duzuna nazkagarria da. Gizatasun apurrik ez daukazu zuk'.

Ebazpen-proposamenak

Kongresuko taldeek, bestalde, arratsaldeko 14:00etan dute ebazpen-proposamenak aurkezteko epea. Kongresuko mahaiak ebazpen horiek kalifikatuko ditu 17:00etan eta taldeek emendakinak aurkeztu ahal izango dituzte 20:00ak bitartean.

Ebazpen-proposamen horien inguruko eztabaida bihar egingo dute Kongresuan, goizeko 11:00etatik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak