Politika -

Estatuaren egoeraren eztabaida

Bake-prozesua ez sustatzea egotzi diote EAJk eta Amaiurrek Rajoyri

EAJren esanetan, "Euskadi ez dago Rajoyren agendan", eta Amaiurrek prozesua "suntsitu" nahi izatea leporatu dio.

Euskadiren eskariei entzungor egin izana aurpegiratu dio EAJk Rajoyri

1:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak Euskadin bizikidetza errotzeko aukeraz baliatu ez izana egotzi dio gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.

Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan, bakea "indarkeriarik eza baino gehiago" dela esan dio Estebanek Rajoyri, eta EAJren lehentasuna "terrorismoak euskal gizartean utzitako zauriak sendatzea" dela gaineratu du. "Espainiako Gobernuak, baina, ez dio gai horri heldu legegintzaldi osoan", deitoratu du.

Diputatu jeltzalearen esanetan, Rajoy "iraganak bahituta" dago, "ETAren inguru politiko-sozialari gertatzen zaion bezala". Horregatik, Iñigo Urkullu lehendakariak proposatzen dizkion "alternatibak" ez baztertzeko deia egin dio.

Horren ildotik, espetxe-politika aldatzea, "salbuespen judizialak" alboratzea eta presoak Euskal Herriko espetxeetara edo gertukoetara hurbiltzea eskatu du.

Bestalde, Rajoyk esku artean "bi arazo" dituela gogorarazi du Estebanek: "Kataluniakoa eta Euskadikoa".

"36 urteren ostean, Autonomia Estatutua bete gabe dago oraindik", gaineratu du Estebanek, eta Euskadi ez dela inoiz Rajoyren "agendan" izan salatu du.

Bake prozesua "leherraraztea" egotzi dio Amaiurrek Rajoyri

Aitor Estebanen hitzaldia amaituta, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak bake prozesua "leherrarazi" nahia egotzi dio Espainiako Gobernuari, eta presoen sakabanaketa politika "sadismo hutsa" eta "mendeku koldarra" dela iritzi dio, "senideak zigortzea baitu helburu".

Cuadraren esanetan, Euskal Herrian gaur egun indarrean dagoen biolentzia politiko bakarra Estatuarena da, eta, besteak beste, "ilegalizazioen biolentzia, atxiloketak, tortura, kartzela edo salbuespenezko auzitegiak" aipatu ditu.

Amaiurreko ordezkariak gaineratu duenez, Rajoyk ETAko presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko aukera alferrik galdu du, "aurreko agertokian erosoago zeudelako" eta "oraingoak ez dielako inolako mesederik egiten".

Aitzitik, Cuadrak azpimarratu du badela beste bide bat, "elkarrizketarena eta indarkeria guztien aitortzarena, indarkeria mota guztien eta biktima guztien aitortza egitea, alegia".

Atzo egin zuen hitzaldian ea zergatik ez zuen Abortuaren legeaz hitz egin galdetu dio Amaiurreko diputatuak Rajoyri, eta ustelkeriaz oso gutxi hitz egin izana leporatu dio.

Ildo horretan, "ustelkeria egiturazkoa" dela nabarmendu du, eta, hortaz, ezinezkoa dela ustelkeriarekin amaitzea "erregimen honekin haustura demokratikoa bultzatu gabe".

Susperraldiaz hizketan hasi du bere hitzaldia, eta "noren susperraldiaz" hitz egiten duen galdetu dio Rajoyri; izan ere, "Ibex 35eko multinazionalak aberasten ari diren bitartean, herritarrek poztasun gutxi dituzte".

Nafarroan "gulag euskaldun bat" sortuko dela salatu du UPNk

Carlos Salvador UPNko bozeramaileak Nafarroan EH Bilduk gobernatzeko arriskua dagoela ohartarazi du, eta koalizio abertzaleak "gulag euskaldun bat" sortuko lukeela gaineratu du.

Diputatu nafarrak kritikatu egin du EH Bilduren hautagaia Adolfo Arraiz izatea. "Terrorea sozializatzearen alde bozkatu zuen, eta ez da damutzen; are gehiago, harro dago. ETAren aldeko gobernu baten txanda dela pentsatuko du segur aski", esan du.

Bestalde, UPNk "herrialdea hobetzeko baliagarri diren erreformak" babestu dituela nabarmendu du Salvadorrek.

Geroa Bai: "Rajoyk ogia ukatu dio Nafarroari"

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak Nafarroari "ogia eta gatza ukatzea", "hamaika helegite jartzea" eta erkidegoari "zor bidegabeak eta ordainezinak ezartzea" egotzi dio Rajoyri.

Barkosen hitzetan, Espainiako Gobernuak "bizkarra eman" dio gizarteari, eta "krisiaren irtenbidea denon artean bilatzea" errefusatu du. "Oraindik ere" krisia egon badagoela gaineratu du, "Rajoyk aurkakoa esan arren".

Horren haritik, langabezia 2011n baino handiagoa dela gogorarazi du diputatu nafarrak, eta makroekonomiaren hazkundea "soldaten jaitsieraren eta murrizketen ondorio" dela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Rajoy