Politika -

Deskargako obrak

EAJk gezurretan eta itxurakeria politikoan aritzea egotzi dio Ugarteri

'Nola onartuko du Ugartek Bilduren kudeaketaren eredu izan behar zuen obra batean gain-kostuak daudela?', esan du Eider Mendoza jeltzaleak.

Eider Mendoza, EAJ.
Eider Mendoza, EAJ.
Eider Mendoza, EAJ.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eider Mendoza EAJko batzarkideak gogor kritikatu du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide eta Azpiegitura diputatuak Deskargako obren inguruan azaldu duen jarrera.  GI-634 errepideko Antzuola eta Bergara arteko lanen kontratua etetea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, arazo geologikoek argudiatuta.  Mendozaren iritzian, Ugarte gezurretan eta itxura politikoa egiten ari da.

Ugartek esan zuenez, errepide zati horretan sortu diren arazo geologikoen ondorioz,  % 10eko gain-kostua izango lukete lanek, eta, beraz, beste azterketa bat egin artean, obrak  geratzea erabaki dute.

Donostian eman duen prentsaurrekoan,  Ugartek emandako azalpenak zorrotz salatu ditu batzarkide jeltzaleak.  Horren hitzetan, "Ugarte bere hitzen gatibu da".  "Nola onartuko du Ugartek EH Bilduren kudeaketaren eredu izan behar zuen obra batean gain-kostuak daudela?", galdetu du.

Bilduk, Foru Aldundira iritsi zenean, aurreko legealdietako obra handietan egondako gain-kostuak EAJren kudeaketa txarrari leporatu zizkiola esan du Mendozak. "Are gehiago,  gain-kostu hori nora bideratu zen galdetu izan dute", zehaztu du.

Deskargako lanekin Bilduk  "eredu" izan nahi izan du hasieratik eta EAJren orain arteko kudeaketa eredua zalantzan jarri, Mendozaren iritzian. "Ezberdinak"  izatea, behinik behin, lortu dutela gaineratu du,  batzuen eta besteen kudeaketa moduaren arteko aldea "izugarria" delako.

Gipuzkoako orografia "jakinekoa" dela eta edozein lan hasterako gain-kostuak egoteko aukera kontuan hartu behar dela nabarmendu du.  "Baina, Ugartek ezin du onartu bera gidatzen ari den obra batean gain-kostuak egotea,  legealdi hasieratik EAJren kontrako gerra gain-kostuen harira egin duenean", esan du batzarkideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ