Politika -

Eguneko lerroburuak

Martxoak 17ko albiste nagusiak

Hauek dira itzartu orduko ezagutu beharko zenituzkeen eguneko bost albisteak.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Bidegi auzia': Asteon ezagutuko dira ondorioak

Ostiralean mahai gainean izango dira AP-1 autobidean ustez egindako diru publikoaren bidegabeko erabilera argitzeko batzordearen ondorioak biltzen dituen txostena. Atzo bukatu ziren agerraldiak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak (EAJ) ukatu egin zituen akusazioak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ikerketa batzordea "arerio politikoaren aurka egiteko" erabili izana egotzi zion Bilduren gobernuari. Autobidea egiteko behar baino diru gehiago erabili zela uste dute, ordea, egun Gipuzkoako Foru Aldundian agintean daudenek.

Madrid bankua, hartzekodunen konkurtsoan

Espainiako Estatuan hartzekodunen konkurtsoan sartu den lehen bankua da Madrid bankua. Finantza erakundeko arduradunek aitortu dutenez, azken egunotan diru kopuru handia atera dute bezeroek, eta horri aurre egin ezinda, jarduera oro eten dute. Joan den astean, AEBk susmopean jarri zuten Banca Privada d'Andorra (BPA), Errusiako eta Txinako mafiek dirua zuritzeko erabiltzen zutelakoan. Horren harira, Espainiako Bankuak esku hartu du BPAk Espainian duen filialean. Erakunde honek eta Espainiako Gobernuek ez dute Madrid bankua erreskatatzeko asmorik.

Hauteskundeak Israelen

Parlamentuko eta Gobernuko ordezkariak aukeratuko dituzte gaur Israelen. Inkesten arabera, Isaac Herzogr eta Tzipi Livni Koalizio Sionistako buruek irabaziko dituzte bozak, baina litekeena da Netanyahu izatea Israelgo lehen ministro. Zatiketa handia izan ohi da Israelgo hauteskundeetan, eta hala, judu ortodoxoekin eta zentroko alderdiekin ituna erdietsi beharko du Likuden buruak. Ezkerreko alderdiek zailagoa dute gobernua osatzeko akordioa lortzea, baina ez ezinezkoa. Emaitza gorabehera, Palestinako lurraldeen okupazioak bere horretan jarraituko du, haien kontra agertu den alderdi bakarra Meretz delako (galdeketen arabera, Parlamentutik kanpo geratuko da).

Zigorrak pilatzea, eztabaidagai

Europako Batzordeak Euskadi Irratiari jakinarazi dionez, EBko gainerako herrialdeetan betetako zigorrak kontuan hartzeko zuzentaraua Espainian nola aplikatzen ari den ikertzen ari da Brusela. 2008an onartutako arauaren arabera, presoek EBko edozein kartzelatan preso emandako denbora Espainiako espetxeetan eman beharreko denborari kendu behar zaio. Espainiako Gobernuak txostena bidali dio Bruselari, eta, hura mahai gainean, ebazpena jakinaraziko du Europako Batzordeak.

Sindikatu eta gizarte eragileak, Kutxanbaken kontra

Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari Kutxabankek ustez eskainitako kontratu irregularrak hizpide dira berriro. ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak eta hainbat gizarte eragile auzian pertsonatuko dira, akusazio gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Iruzurrak berriak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak