Mundua -

Hauteskundeak

Herzog eta Netanyahu, lehia estuan Israelgo hauteskundeetan

Herzog sionista zentro-ezkertiarra da irabazteko faboritoa, baina Netanyahu lehen ministroak gobernatzeko aukera gehiago ditu. Hauteslekuak zabalik daude jada.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. EiTB
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. EiTB
Laboristak gailendu daitezke Israelgo hauteskundeetan

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia sei milioi pertsona bozkatzera deituta daude gaur Israelgo hauteskunde aurreratuetan, herrialdeko 34. gobernua hautatuko duen Parlamentua osatzeko.

Hauteslekuak 07:00etan (06:00ak, Euskal Herrian) zabaldu eta 22:00etan (21:00ak, gurean) itxiko dituzte, eta emaitzak gauean ezagutuko dira.

Armadak segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditu, baina ez du Zisjordania itxi, bozeramaile batek EFE agentziari baieztatu dionez.

Inkesten arabera, 10-11 alderdi sartuko dira Parlamentuan hurrengo legegintzaldian. Faboritoa zentro-ezkerreko koalizioa da, eta 24 eserleku lortuko ei ditu. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren alderdia geratuko da bigarren, betiere inkestek iragarritakoa betez gero, 20-21 diputatu eskuratzea espero dutelako.

Herzog, irabazteko faborito; Netanyahu, gobernatzeko faborito

Isaac Herzog hautagaiaren eta Tzipi Livni ministro ohiaren zentro-ezkerreko koalizioa faborito bada ere, baliteke Netanyahu lehen ministro izatea berriz.

Horren ildotik, Netanyahuk judu ortodoxoei eskainiko die gobernua osatzea, eta Herzogek zailago izango du babesak lortzea.

Hogeita hamar alderdi baino gehiago aurkeztu dira hauteskundeetara, eta asko omen dira botoa nori eman azken unean erabakiko dutenak; hautesleen % 20 inguru, hain zuzen ere.

Bideoa: Israelgo hauteskundeetako hautagai nagusiak

Palestinan ez da ezer aldatuko

Nolanahi ere, Herzogek edo Netanyahuk irabazi, Israelek ez du aldatuko Palestinarekiko politika. Izan ere, lurralde palestinarrak okupatzearen aurka dagoen alderdi sionista bakarra Meretz da, eta, inkesten arabera, Parlamentutik at gera liteke.

Netanyahu urrunago joan da hauteskunde-kanpainan, eta berriz gobernatzen badu, Palestinak ez duela estatu propiorik izango promestu du.

Herzogek, bere aldetik, bake-negoziazioak egitea aztertuko lukeela aurreratu du, baina ez du ezer esan asentamendu juduak ezabatzeaz.

Zerrenda arabiar bat, hirugarren indarra?

Testuinguru honetan, ezusteko handiena gutxiengo arabiarra izan liteke, soka horretako zerrenda guztiek bat egin baitute. Inkesten arabera, baliteke arabiarrena hirugarren indarra izatea.

Hautagaien adierazpenak

Bozkatu ostean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri du Naftali Bennet Etxe Judua muturreko alderdiaren buruari eskainiko diola batasuneko gobernua osatzea. "Ez dut Alderdi Laboristarekin osatuko gobernua", ohartarazi du.

Isaac Herzog Alderdi Laboristako hautagaiak, berriz, "itxaropenaren edo etsipenaren artean" hautatzeko deia egin die herritarrei. "Bi aukera baino ez daude: aldaketaren alde bozkatzea edo etsipenaren alde egitea", esan du.

Ildo beretik, Tzipi Livini Hatnua alderdi zentristako buruaren (Alderdi Laboristarekin bat egin du zentro-ezkerreko koalizioan) esanetan, hauteskundeetara bi motatako alderdiak aurkeztu dira: "sionistak edo muturrekoak".

Bestalde, Avigdor Lieberman Atzerri ministro eta Israel Beitenu muturreko alderdi nazionalistako buruak "edozein alderdi sionistaren alde" bozkatzea eskatu die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Israel albisteak azken ordukoa Hauteskundeak Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu gaur