Politika -
Usansoloren segregazioa
Usansoloren segregazioari bide emango dion araua onartu du Bizkaiak
EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu dute aldaketa. Usansolo Galdakaotik bereizteko prozesua gainbegiratuko duen batzorde mistoa sortuko dute orain.
Agentziak | Erredakzioa
2.500 biztanle baino gehiagoko herriguneak herrietatik bereiztea ahalbideratzen duen foru-araua onartu dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Horrenbestez, Usansolo Galdakaotik bereizi ahal izango da.
Legegintzaldiko azken osoko bilkura izan da asteazken honetakoa, eta Usansoloren segregazioa izan da protagonista. EH Bilduk hiru zuzenketa aurkeztu zizkion EAJren proiektuari, eta honek egindako transakzioa onartu dute bi taldeek.
Hori horrela, EH Bilduk eta Usansolo Herriak eskatutako desanexio prozesua gainbegiratzeko batzorde mistoa sortuko dute (Usansoloko hiru ordezkari izango dira bertan). Ez da, ordea, kudeaketa talderik osatuko.
Martxoaren 17ko osoko bilkuran izandako irudiaren oso bestelakoa izan da gaurkoan. Orduko hartan, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk foru-arau honen kontra bozkatu zuten (azken bi talde hauek jarrera berari eutsi diote gaur).
Taldeen adierazpenak
Unai Rementeria Presidentetzako diputatuaren (EAJ) arabera, gaur onartutako ekimenak "udal autonomiaren oinarria du ardatz". Udalek herri-kontsultak antolatzeko eskumena izango dute aurrerantzean, herritarrek segregazioaren inguruko iritzia eman dezaten.
Irune Soto EH Bilduko batzarkidearen ustez, "hainbesteko garrantzia duen gai bat arin batean, partxeen bidez" konpondu du EAJk. Izan ere, gaur onartutako foru-araua ez du koalizio abertzalea guztiz ase, baina haren aldeko botoa eman du azkenean, Usansoloko herritarren artean "frustrazioa ez areagotzeko".
Alderdi Popularra eta PSE-EE arauaren kontra agertu dira, eta desanexioak oso garestiak direla salatu dute, krisi ekonomiko garaian "onartezina" dela iritzita.
Usansolo Herria plataformako kideetako batzuk Batzar Nagusietan izan dira gaur, eta pozik agertu dira lortutakoarekin: