Politika -

Legebiltzarrean

EH Bildu ez dute berriz zigortuko bilkuran erakutsitako kartelengatik

EH Bilduko legebiltzarkideek ‘Pastor’ operazioaren eta Alderdi Popularraren aurkako kartelak erakutsi zituzten iragan osteguneko osoko bilkuran. PPk hilabete bateko zigorra eskatu zuen.

eusko legebiltzarra eh bildu

Legebiltzarreko Mahaiak ez du berriro EH Bildu zigortuko

00:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk osoko bilkuran Alderdi Popularraren eta 'Pastor' operazioaren aurka erakutsitako kartelengatik PPk jarritako salaketa bertan behera uztea erabaki du gaur Legebiltzarreko Mahaiak. Hortaz, EH Bilduko legebiltzarkideak ez dituzte kartelak erakusteagatik berriro zigortuko.

EH Bilduko legebiltzarkideek 'Pastor' operazioaren eta Alderdi Popularraren aurkako kartelak erakutsi zituzten iragan osteguneko osoko bilkuran. Honakoak irakur zitezkeen horietan: ‘Atxilotuak askatu’, ‘Dispertsiorik ez’, ‘PP, bakearen etsai’, ‘Elkartasuna ez da delitua’ eta ‘Elkartasuna, demokrazia, konponbidea’.

Bakartxo Tejeriak kartelak gordetzeko eskatu zien, eta kaleratu egingo zituela ohartarazi. Azkenean, EH Bilduko 16 kide ganberatik bota zituen, eta hurrengo eguneko kontrol saioan parte hartzea debekatu zien.

Alderdi Popularrak salaketa aurkeztu zuen ondoren Legebiltzarreko Mahaian, eta araudiko 121. artikulua aplikatzeko eskatu zuen: 16 legebiltzarkideei hilabeteko behin-behineko suspentsioa ezartzea, hain zuzen ere.

Gaur, Legebiltzarreko Mahaiak adostu du PPren salaketa tramitera ez onartzea. Bakartxo Tejeria presidentearen hitzetan, EH Bilduko ordezkariei ezarritako zigorra “nahikoa” izan zen.

PSE-EE eta EH Bilduko ordezkariek PPren ekimenaren aurka bozkatu dute gaurko bileran. EAJko Iñigo Iturrate ez da batzarrean izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra ETA EH Bildu