Politika -
Zuzendu plana
EH Bildu: Eusko Jaurlaritzaren bake planak 'jaurtitzeko armak' dira
Julen Arzuagak azaldu duenez, 'giza eskubideen urraketa eta indarkeria' eragin duten erabakiak hartu ditu EAJk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren bake planak "jaurtitzek armak" bihurtzen dira.
Bilbon egindako prentsa agerraldian Arzuagak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak plan eta egitasmoak ekoizten dituela askotan, baina "herri honetara bakea eta bizikidetza ekarri beharrean, jaurtitzeko armak bihurtzen dira".
Arzuagak Eusko Jaurlaritzaren Zuzendu egitasmo berria kritikatu du. Horren esanetan, "zer eta zein hitz erabilita" egin behar duen esaten dio EAJk EH Bilduri. "Jarrera harro horrek ez du ñabarduretarako eta desadostasunetarako tarterik uzten", salatu du.
EH Bilduko legebiltzarkideak egindako analisiaren arabera, herrialde honetan eszenatoki politiko berri bat sortzen lagundu duten erabakiak hartu ditu koalizioak. "Eszenatoki politiko berri honen ahalmenak aprobetxatu beharrean, ahalmen horiek esplotatzeko adostasunak eta akordioak bultzatu beharrean, EAJ iraganari begira soilik dagoela dirudi", kritikatu du.
Haren hitzetan, giza eskubideen urraketa eta indarkeria eragin duten erabakiak hartu ditu EAJk. "Autokritika egitea hain garrantzitsua eta nahitaezkoa dela uste badu, EAJk iraganaz egindako autokritika entzuteko prest dago EH Bildu", nabarmendu du.
"Dirudienez, aurrera egitea baino guk eskuak lotuta izaten jarraitzea dute helburu", gaineratu du. "EH Bilduk egunero egiten du autokritika, bezperan egindakoari begiratzen diogu hurrengo egunean hobeto egiteko eta herritarren orainaldiko eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko", azaldu du.