Politika -
Polemika
Pagazaurtunduaren postontziari baimena ukatu dio Andoaingo Udalak
Udalaren ebazpenaren “hoztasun administratiboa” kritikatu du Maite Pagazaurtundua ETAk 2003an hildako udaltzainaren arrebak.
Agentziak | Erredakzioa
Joseba Pagazaurtunduaren familiak gutunontzia otsailaren 8an jarri zuen. Horretarako baimenik ez dutela erabaki du Andoaingo Udalak orain. ETAk 2003an hil zuen Udaltzaingoko buruzagia oroitzeko eskulturaren alboan jarri zuten postontzia.
Gutunontzia hilketaren hamabigarren urteurrenean jarri zuten, baina Udalaren bamenik gabe. Nahi izanez gero Joseba Pazaurtunduaren hilketan bakoitzak erantzukizuna har zezan gutunontzia jarri zuten; izan ere, familiak “ez du dolua itxiko egia eta kalte-ordain barik”.
Lau egun geroago, baimena eskatzeko idatzia igorri zion Pagazaurtundua familiak Udalari. Postontzia ‘Josebaren Etxea’ eskulturaren aurrean dauden zuhaitzetako batean eseki zuten. Oroitarria Agustin Ibarrolak egin zuen Udaltzaingoko buruzagiaren omenez, eta udaletxetik gertu dago.
Ane Karrere alkateak hartutako erabakiaren berri eman zion Udalak terrorismoaren biktimaren familiari ostegunean. Martxoaren 31ko ebazpenean baimena ukatu egiten zaie eta Udaltzaingoari gutunontzia kentzeko agindua eman diote.
“Hoztasun administratiboa” kritikatu du Pagazaurtunduak
Maite Pagazaurtundua udaltzainaren arrebak adierazi duenez, “udaltzainak izango dira, Josebaren lankideek, alegia”, postontzia kenduko dutenak. Hala ere, gaur eguerdian toki berdinean jarraitzen zuen gutunontziak.
Bilduko Udalaren ebazpenaren “hoztasun administratiboa” kritikatu du UPyDko eurodiputatuak. Udalak “otsailaren 12an milaka euro onartu zituen ETAko presoen senitartekoei laguntzeko”, gogorarazi du.
“Jende horren kontzientzia mugiaraztea nahi genuen eta erantzunik garrantzitsuena hau da, ezezkoa, eta baimenik gabe jarri genuela aurpegiratuko digute”, salatu du eurodiputatuak. Familiak sortutako postontzi birtualean “oso gauza interesgarriak sartu” direla azpimarratu du Pagazaurtunduak.
Ezezkoari nola erantzun aztertzen ari direla azaldu du udaltzainaren arrebak; izan ere, administrazio-auzietarako helegitea aurkezteko aukera du familiak.