Politika -
Saharako genozidioa
Maroko: 'Goi-kargudunen aurkako prozesua ia-ia barregarria da'
Espainiako Auzitegi Nazionalak Marokoko 11 goi-kargudun auzipetu ditu, Saharako errefuxiatuen aurkako genozidioa leporatuta. Marokoren iritziz, manipulazio politikoarekin lotuta dago auzia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Marokoko 11 goi-kargudunen kontra abiatutako prozesua kritikatu du Marokoko Gobernuak. 1975. eta 1992. urteen artean Saharako errefuxiatuen aurka egindako genozidio-delituak leporatu dizkie Ruzek; tartean, erasoak, torturak, hilketak eta desagerpenak.
"2007ko auzia bepizteko beste saiakera bat da", salatu du Marokoko Atzerri Ministerioak ohar baten bidez, "aurrekoan ere inkoherentziaz eta akats larriz beteta egon zen, ia-ia barregarria da".
Marokok gogora ekarri duenez, "jazoera horiek duela 25 urte baino gehiago gertatu ziren, eta garai zehatz batean eta baldintza jakin batzuen mendean jazo ziren, beste une historiko bateko gatazka armatuekin lotuta baitaude", Fronte Polisarioko independentista sahararren aurka Marokoko Armadak egindako gerrari aipamena eginda.
Rabaten aburuz, manipulazio politikoarekin lotutako auzia da. Bestalde, Marokoko agintariek sustatutako Zuzentasun eta Elkarkidetzarako Batzordearen lana goratu du.
Gainera, lagun batzuen jokabidea deitoratu du. "Espainiako sistema juridikoan erantzukizunak dituzten hainbat pertsona azpijokoan ari dira, eta hori kaltegarria izan daiteke herrialde bien arteko harremanetarako, Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak egoera egonkorrean dauden une honetan", gaineratu du.