Politika -
Errrioxan
'Txiki' Muñozek Arnaldo Otegiri bisita egin dio Logroñon
ELAko idazkari nagusiak elkartasun osoa erakutsi die "Bateragune auziaren" barnean 2009. urtean atxilotutako eta espetxeratutako guztiei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adolfo Muñoz 'Txiki' ELAko idazkari nagusia Logroñoko espetxean izan da igande honetan, Errioxan, eta bisita egin dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari. Otegik bost urte baino gehiago darama kartzela hartan.
ELAk ohar baten bidez zabaldu duenez, Amaia Muña ELAko kidea ere izan da bisita hartan.
Gaur azkenean Otegirekin izan dira, joan den otsailaren 29ko bisita bertan behera geratu ostean. ELAko buruzagiek Otegirekin izango zirela publikoki zabaldu eta gero, espetxeetako agintariek bisita debekatu zuten.
Gaurko bisitan elkartasun osoa erakutsi diote Otegiri eta "Bateragune auziaren" barnean 2009. urtean izandako gainerako atxilotutako eta espetxeratutako guztiei. Legez kanpoko Batasuna berriro osatzen saiatzeagatik espetxeratu zituzten auzipetuak.
Gainera, Otegi "aske ikusteko" grina azaldu dute ELAko buruzagiek.
ELAk gogora ekarri duenez, "atxiloketak bidegabeak izan ziren, eta Alfredo Perez Rubalcaba orduan Barne ministroaren bultzada politikoaren emaitza izan ziren", alegia. "Argi dago gure herriaren normalizazio politikoaren aurkako 'Estatu-ekintza' horri eutsi diola ere PPren Gobernuak", gaineratu dute.