Politika -
Entzuketak Sarkozyri
Sarkozyri egindako entzunketak baliozkotzat jo ditu Justiziak
Entzuketa horiek sostengatzen dituzte Frantziako presidente ohiaren kontrako akusazioak. Instrukzio bati buruzko informazioa jasotzeko goi magistratu bat erosten saiatzea leporatzen diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko Apelazio Auzitegiak baliozkotzat jo ditu Nicolas Sarkozy presidente ohiari egindako telefono entzunketak, hain zuzen ere, entzunketa horiek sostengatzen dute Frantziako presidente ohiaren kontrako akusazioa. Instrukzio bati buruzko informazioa jasotzeko, ustez, goi magistratu bat erostea leporatzen diote.
Sarkozyren abokatuetako batek onartu zuen Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoak atzera bota zuela haren argudiaketaren "zatirik funtsezkoena"; zehazki, Sarkozyren eta haren abokatu Thierry Herzogen arteko telefono grabazioa baliorik gabe uzteko eskatu zuen.
Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko du Sarkozyk "ustelkeriagatik, influentzia trafikoagatik eta sekretu profesionalaren urratzea estaltzeagatik" inputatuta dagoen kasuaren instrukzioa izozten saiatzeko.
Justiziaren susmoen arabera, Sarkozy presidente ohia eta Herzog abokatua Gilbert Azibert epailea erosten ahalegindu ziren Sarkozy inplikatuta zegoen beste instrukzio bati buruzko informazioa eskuratzeko.
2007ko Sarkozyren kanpainaren finantzazioa argitzeko irekitako ikerketan, agintariek Sarkozyren eta haren abokatuaren telefono bidezko elkarrizketak entzun zituzten eta horietako batean beste delitu baten zantzuak antzeman zituzten, goi funtzionario bat erosten saiatzea, alegia.
Antza denez, Bettencourt kasuari buruzko informazioa eskuratzen ahalegindu ziren Sarkozy eta Herzog eta, informazioa lortzearen truke, Monakon lanpostu eroso bat eskaini zioten magistratuari.