Politika -

Elkarrizketa

Sarkozyk dio Justiziaren erabileraren biktima dela

Inputazioarekin ''erabat harrituta'' dagoela eta egotzitako delituak ''irrigarriak'' direla esan du. Ez du baztertu politikaren lehen lerroetara itzultzea.

Sarkozyk adierazi du ''erabat harrituta'' dagoela inputatu dutelako

0:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak asteazken honetan adierazi du "erabat harrituta" dagoela inputazioarekin. Izan ere, ustelkeria aktiboa, eraginen trafikoa eta sekretu profesionalaren urraketa ezkutatzea egotzi diote Frantziako presidente ohiari, eta Sarkozyk azpimarratu du ''sekula" ez duela oinarri errepublikarren aurkako ekintzarik egin. Halaber, leporatu dizkioten karguak ''irrigarriak'' direla esan du, eta Justiziaren erabileraren biktima dela.

"TF1" telebista kateari eta "Europe 1" irratiari eskainitako elkarrizketa batean, 2007 eta 2012 urteen artean Estatu buru izanak magistraturaren sindikatuak bera "suntsitzeko obsesioa" duela adierazi du. Horri lotuta, zalantzan jarri du jasotako tratu judiziala eta auzia ikertzen duen epailearen inpartzialtasuna.

"Normala al da magistraturaren sindikatuko epaile bat hautatzea, epaitu behar duen pertsona aktiboki nahiz pasiboki suntsitzeko obsesio politikoa duena?", galdetu du presidente ohiak.

"Magistratura militantearen zati txiki hori" talde judizial osoarekin ez nahasteko eskatu du Sarkozyk, baina orain arte jaso duen tratuak umiliatzeko eta erasateko asmoa zuela azpimarratu du. 15 ordu baino gehiagoz galdekatu zuten Frantziako lider ohia, prebentziozko atxiloketa erregimenean.

"Ez dut gaitzesteko moduko ezer", adierazi du Sarkozyk. "Errugabea izateko ziurtasuna duenak ez du hitz egiteko beldurrik", gehitu du. Presidente ohiak esan du ez duela inolako pribilegiorik eskatzen, eta, edonola ere, leporatutako ekintzaren bat egin baldin badu ''erantzukizun guztiak'' bere gain hartuko dituela.

Ez du baztertu politikaren lehen lerroetara itzultzea

Sarkozyk presidentzia lortzeko hauteskunde kanpainaren kontuak defendatu ditu, eta esan du ez zela fakturazio bikoitzik egon.

Halaber, ez du baztertu politikaren lehen lerroetara itzultzea. ''EZ dezagun erabakia aurreratu. Nire herria irrikaz maite dut, eta ez naiz arin etsitzen duen horietako'', esan du Sarkozyk. Edonola ere, bere asmoen inguruen inguruko erabakia ''abuztuaren bukaeran edo iraila hasieran'' hartuko duela iragarri du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea