Politika -
ETAren agiria
Ekintza gehiago eta hitz gutxiago eskatu dizkio Jaurlaritzak ETAri
ETAk jarrera “ireki eta eraikitzailea” erakusten duela nabarmendu du EH Bildu koalizioak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak “ekintza gehiago eta hitz gutxiago” eskatu dizkio gaur ETAri, atzo kaleratutako agiriaren ondoren. ETAk desarmatze prozesua Eusko Jaurlaritzarekin eta euskal eragile politiko eta sozialekin partekatzeko prestutasuna agertu zuen atzo argitaratutako agirian.
Berria eta Gara egunkariei eta Naiz atari digitalari igorri zien ETAk agiria, hauteskunde kanpaina hasi baino ordu gutxi lehenago. 2014 urte amaieran hasitako armategien “zigilatzearekin” jarraituko duela ere adierazi zuen ETAk agirian.
Jaurlaritzak gogoratu duenez, “ETAk hauteskunde kanpaina hastearekin batera agiria kaleratzen du, orain dela 35 urte baino gehiago”.
“Badakite zer egin behar duten: ekintza gehiago eta hitz gutxiago”, zehaztu dute Exekutiboko iturriek. ETAk egindako proposamenen inguruko azterketarik ez dute egin nahi izan.
Jarrera "ireki eta eraikitzailea"
EH Bilduk ETAk atzo kaleratutako agiria hizpide izan du Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. ETAk jarrera “ireki eta eraikitzailea” erakusten duela nabarmendu du koalizioak.
Julen Arzuaga parlamentariak ETAren borondatea armategien “inbentariatze eta zigilatze lana aurrera eramatea” izatea nabarmendu du. “Aipatu lan hori gauzatzen ari da eta berau armen deuseztapenarekin bukatzea nahiko luke EH Bilduk”, azpimarratu du.
“ETAk Jaurlaritzaren Zuzen Bidea programa eta EH Bilduk proposatutako Bakerako Euskal Bidea baleko hartzen ditu irtenbidea bilatzeko eta hori modu positiboan baloratu beharrean gaude”, gaineratu du.
“ETAk esan du Jaurlaritzak papera baduela armagabetzearen kontuan eta beraz, horrek jarrera irekia irudikatzeaz gain, guztiz uztargarria da koalizioak finkatutako posizioarekin”, esan du Arzuagak.