Politika -
Coviteren salaketa
Jaurlaritzak Guardia Zibila talde terroristatzat jotzea salatu dute
Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Elkartearen esanetan, Jaurlaritzak ''talde terroristen'' zerrendan sartu du Guardia Zibila, biktimen inguruko informazioa biltzen duen datu base batean.
Agentziak | Erredakzioa
Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ''talde terroristen'' zerrenda batean sartu du Guardia Zibila. Hain zuzen, terrorismoaren biktimen inguruko informazioa biltzen duen datu base batean ageri da Guardia Zibila, Lehendakaritzaren webean, elkarteak adierazi duenez.
Ohar baten bidez, Covitek lehendakariari ohartarazi dio ''erreminta berehala kendu eta zuzenketa egiten ez badute'' salaketa jarriko dutela, ''Guardia Zibila ustez kalumniatu izana egotzita''.
Elkartearen arabera, Jaurlaritzaren webgunean, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzari eskainitako atalean, datu base bat ageri da, biktimei bideratuta. Bertan, hainbat irizpideren araberako bilaketak egin daitezke, eta ''atentatuaren egilea'' izeneko atalean, ''Guardia Zibila ageri da, ETArekin batera'', Coviteren hitzetan. Horrez gain, ETAren kasuan, siglak erabili beharrean, 'Euskadi Ta Askatasuna' jarri dutela salatu du Covitek.
Biktimen elkarte horren esanetan, Jaurlaritzak Santos Sampedro Lozanoren kontrako atentatua Guardia Zibilari egotzi dio, baina ''Guardia Zibilak hutsegite baten ondorioz hil zuen inspektorea''.
Halaber, Covitek salatu du ''Galindo, Dorado eta Bayo talde terroristako kide gisa'' ageri direla, baina webean ''ez diete inolako hilketarik leporatzen''.
''Atentatuen egileen atal horretan Mikel Otegi ere agertzen da; 1995ean Ertzaintzako bi agente hil zituenean Jarraiko kidea baldin bazen ere, Auzitegi Nazionalak epaitu egin zuen, eta ETAren atentatutzat jo zuen’’, azaldu du Covitek.
''Saenz de Inestrillas eta Duceri Josu Muguruzaren hilketa leporatzen zaio, froga faltagatik epaiketan Ricardo Sáenz de Ynestrillas absolbitu egin bazuten ere'', gaineratu du.
''Estatuko Segurtasun Indarretako bat edo Justiziak absolbitu dituen pertsonak talde terroristen zerrendan sartzeko'' zein irizpide erabili duen azaltzeko eskatu dio Covitek Jaurlaritzari.
Horrez gain, Covitek kritikatu egin du Jaurlaritzak ''ETAko 19 biktima sartzea ahaztu'' izana; izan ere, ''838 biktima leporatu dizkiote ETAri, benetan 857 izan direnean''.