Politika -
atxiloketa
Gobernuak Valentzian duen ordezkaria atxilotuta, ustelkeria egotzita
Kontseilari zenean ustez egindako esleipen irregularretan zerikusia duelakoan atxilotu dute Serafin Castellano (PP). Beste zortzi lagun atxilotu dituzte horrekin batera.
Agentziak | Erredakzioa
Serafin Castellano Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaria atxilotu du gaur Poliziak, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak abiatutako operazio baten baitan. Valentziako kontseilari zela ustez egindako esleipen irregular batzuk ikertzen ari da Fiskaltza, eta horrekin lotuta atzeman dute.
Castellano behin-behineko askatasunean utzi du epaileak. Hala ere, hala eskatzen baldin badiote agerraldia egin beharko du magistratuaren aurrean. Gainera, pasaportea kendu eta Espainiatik ateratzea debekatu diote.
Inputatu gisa galdekatu du magistratuak, eta ondoren neurriak ezarri dizkio, fiskalaren eskakizunarekin ados.
Castellanok Benisanon (Valentzia) duen etxebizitza miatu du Poliziak. Saguntoko 1. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak agindu du atxiloketa, eta sumarioa sekretupean ipini du.
Castellanorekin batera, beste zortzi lagun atxilotu ditu Poliziak, suteak amatatzeko enpresa bati emandako esleipenengatik ustez opariak jaso izana egotzita.
Urrian ekin zion ikerketari Fiskaltzak, Avialsako (esleipenak lortu zituen enpresa) gerente ohiak salaketa bat jarri ondoren. Salaketan azaldu zuenez, Valentziako Gobernuak enpresa honi 2008-2010 urteetan emandako kontratuen truke opariak jaso omen zituen Castellanok.
Hainbat hilabetez ikertu ondoren, epaitegietara jo zuen Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak, gertakariak delitu izan daitezkeelakoan.
Zehazki, Castellano kontseilari zela, Avialsari emandako 33 milioi euroko kontratuak aztertu dituzte. Salaketaren arabera, Vicente Huerta Avialsako presidenteak errifle bat oparitu zion Castellanori, honek konpainiako buruaren alde egin ondoren.
Aurretik ere nahasi izan dute Avialsa ustelkeria kasuekin. 2013ko abuztuan, Valentziako hedabideetan atera zen auzia, eta Castellanok goitik behera ukatu zituen salaketak. "Kontratazio guztiak Legearen arabera egin ditugu, gardentasunez eta irregulartasunik gabe", adierazi zuen orduan.