Politika -

ARMAGABETZEA

'Ondorio politikoak dituzten urratsak' eskatu dizkio ETAri Fernandezek

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren ustez, ETAk proposatu zuen armagabetze prozesuak ez du inolako efekturik, "egiaztapen, egutegi eta inbentariorik" ez duelako.

Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia.
Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia.
Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia.

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren ustez, ETAk armagabetzea luzatzeak GRAPOren egoera berdinera eramango luke talde armatua. Fernandezen arabera, talde armatuak proposatutako armagabetze prozesuak "ez du efekturik", "egiaztapen, egutegi eta inbentariorik" ez duelako.

Onda Vasca irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, ETAko 98 preso ohik joan den hilean amnistia aldarrikatuz kaleratutako agiriari buruz galdetuta, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak esan du eskari hori ez dela "onargarria". Dena dela, ez du uste talde armatuaren "ildo ofizialaren" aldarrikapena denik.

ETAren armagabetzea eta talde armatuaren desagertzea luzatzea gizarte osoarentzat eta ezker abertzalearentzat "arazo handia" dela iritzi dio. Hala, horren harian, urrats irmoak eskatu dizkio ETAri Fernandezek. "Urratsak jarraian eta etenik gabe eman behar dituzte, prozesua behin betiko amaitzeko", esan du.

ETAko 93 preso ohik duela hilabete inguru kaleratutako adierazpenarekin oso kritiko agertu da Fernandez. Agirian amnistia aldarrikatu zuen preso ohiek. Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren esanetan, baina, adierazpena ETAren inguruko sektore jakin batena da, eta ez dator bat talde armatuaren "ildo ofizialarekin".

"Aurpegia behar da kartzelatik kanpo egonda gauza hauek proposatzeko. Kalean egonda oso erraz egiten dira horrelako planteamenduak. Osteguneko pintxo-potean eta larunbateko afarian edozer gauza esan daiteke, beste batzuk kartzelan dauden bitartean", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak ETA albisteak