Politika -
Bakearen aldeko konferentzia
ETArekiko politika ez duela aldatuko esan du Frantziako Gobernuak
Frantziako Exekutiboaren adierazpena txalotu egin du Fernandez Diazek. “Euskal Herriko bakearen aldeko Manifestua”, Espainiako Barne ministroak esan duenez, “betiko leloa” da.
Agentziak | Erredakzioa
Asanblea Nazionaleko ekitaldiak ez duela ETArekiko politika aldatuko esan du gaur Frantziako Gobernuak. Horrela, Mariano Rajoyren Exekutiboak egin bezala, armagabetzeko eta baldintzarik gabe desegiteko eskatu dio Parisek ETAri berriro.
Frantziako Gobernua Bake Bideak antolatutako ekitalditik aldendu da. Frantziako iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez, Exekutiboak ez du ekitaldian parte hartu, eta Hollanderen Administrazioaren ordezkaririk ez da izan bertan.
Fernandez Diazek txalotu egin du Frantzia
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak txalotu egin du Frantziako Gobernua ‘Euskal Herriko bakearen aldeko Manifestua’ izenarekin kaleratu duten idatzitik urrundu izana.
Manifestua “betiko leloa” dela kritikatu du Fernandez Diazek Kongresuko korridoreetan. Barne ministroak salatu du dagoeneko gainditu diren esamoldeak, ETAk beti erabili izan dituenak, erabiltzen dituztela; “gatazka politikoa” edo “gatazka armatua” esaterako.
Fernandez Diazen hitzetan, Frantziako Gobernuaren jarrerak argi erakusten du bi exekutiboen jokabidea berbera dela, eta ETAren agiri bakarraren zain daudela azpimarratu du. “Onean edo txarrean”, baldintzarik gabe desegiteko eskatu dio Fernandez Diazek ETAri.
“ETA zerraldo bat baino ez da, eta desegitearen agiria falta den heriotza-ziurtagiria da”, erantsi du.