Politika -
Auzitegi Nazionala
Venezuelari De Juanaren estradizioa eskatzeko erreklamatu du ANk
Eskari hori egin dio Velasco epaileak Espainiako Gobernuari. Terrorismoa goratzea leporatzen dio preso ohiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelari Iñaki de Juana Chaos preso ohia espainiaratzea erreklamatzeko eskatu dio Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiako Gobernuari, hain zuzen ere, Espainiak Venezuelan duen enbaxadak De Juana herrialdean dagoela baieztatu ostean.
Auto batean, 2008tik bilatze eta atxilotze agindupean dagoen Iñaki de Juana espainiaratzeko eskatu du Eloy Velascok. Auzitegi Nazionaleko epaileak terrorismoa goratzea leporatzen dio. Espainiak Venezuelan duen enbaxadak duela gutxi baieztatu du De Juana Venezuela iparraldeko Falcon Fcc izeneko likoreria batean ikusi zutela maiatzaren 21ean.
Enbaxadak baieztatutako informazioaren arabera, ustez, De Juana Chaos likoreria horretako arduraduna da. Ondoren, informazio horren berri eman zioten Fiskaltzari eta azken horrek De Juanaren espainiaratzea erreklamatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari.
Terrorismoa goratzea leporatzen diote De Juanari, ustez, haren eta besteen ekintza terroristak jendaurrean justifikatzeagatik 2008ko abuztuaren 2an Donostian egin zioten omenaldian. Velascoren esanetan, omenaldi horren harira epailearen aurrera deklaratzera deitu zuten De Juana, baina ez zen azaldu eta, ondorioz, hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten epaitegiek.
Espetxetik atera ondoren, Erresuma Batura joan zen De Juana eta, Rajoyren Gobernuak hura espainiaratzea eskatu bazuen ere, ez zen gauzatu preso ohia herrialdetik irten zelako.
Velascoren autoan azaltzen denez, oraingoan De Juana Chaosen espainiaratzea eskatzeko baldintzak betetzen dira, eta Espainiaren eta Venezuelaren arteko estradizio ituna aipatu du.