Politika -
Eguneko albisteak
EAJ-PSE ituna Donostian eta 'herriko tabernen' epaia, lerroburuetan
Eguna hasi aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.
I.G. - M.I. | EITB.EUS
107 'herriko taberna' itxi beharko dituzte
Espainiako Estatuak ezker abertzalearen 107 herriko taberna itxiko ditu, eta enkantean jarriko ditu, Auzitegi Gorenaren epaiari jarraiki. Epaileek lokalak konfiskatzeko agindu dute, horien bidez ETA "finantzatzen" zutela argudiatuta
Hori da, hain zuzen ere, Gorenak hartutako erabakiaren ondoren jarraituko den bidea. Epaia Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Bigarren Salak gauzatu beharko du, auzia ebatzi zuen epaitegia baita. Izapideak bizkortzeko, Espainiako Gobernuak Aktiboak Berreskuratzeko eta Kudeatzeko Bulegoa sortuko du. Prozedura Kriminaleko Legea erreformatuz egingo du.
EAJren eta PSE-EEren arteko ituna Donostian
EAJk eta PSE-EEk Donostiako Udalerako koalizio gobernua osatuko dute, eta gaur aurkeztuko dute, lehen udal batzarra egin aurretik. 11:00etan, prentsaurrekoa emango dute Eneko Goiak (EAJ) eta Ernesto Gascok (PSE). Donostiako Udalean inoiz ez da EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioko gobernurik izan.
Ordu bat geroago, 12:00etan, lehen udal batzarra egingo dute. Litekeena da bertan egotea Goiak izendatutako bost ordezkariak eta lau ordezkari sozialistak.
Batzar horretan, besteak beste, Udalak Donostia 2016 patronatuan izango dituen ordezkari berriak proposatuko ditu Goiak. Miren Azkarate zinegotzi jeltzalea eta Ernesto Gasco sozialista izango dira.
Rajoyren aldaketak
Mariano Rajoyk aldaketak egin ditu PPren zuzendaritzan, baina egitura nagusia ez du ukitu. Carlos Florianok eta Estaban Gonzalez Ponsek zuzendaritza utzi dute, eta Javier Marotok, orain arte Gasteizko alkate izan denak, kargu berria hartu du zuzendaritzan: sektore-idazkariorde izango da. Pablo Casado komunikazio arduraduna izango da eta Jorge Moragas hauteskunde-kanpainako zuzendaria izango da. Krisi ekonomikoak eta ustelkeria kasuek PPri kalte handia egin diotela onartu du Rajoyk.
Ikusteko dago Rajoyk aldaketak Gobernura zabalduko dituen edo ez.
Grezia, eurotik at?
Greziaren eta Eurotaldearen arteko elkarrizketek porrot egin dute berriz ere, eta Atenas eurogunetik ateratzeko arriskua gero eta handiagoa da. Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak adierazi duenez, ?edozein egoerari aurre egiteko prest gaude, baina Greziak Eurogunea uztea ez litzateke egoera onena izango?. Besteak beste, aldaketa fiskalak, pribatizazioak eta administrazioaren erreforma proposatu ditu Greziak, baina Eurotaldearen aburuz, ?ez dira aldaketa serioak eta errealistak?.
Etxebizitza Legea, onartuta
Eusko Legebiltzarrak Etxebizitza Legea onartu du, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk alde bozkatuta. EAJk eta PPk aurkako boza eman dute. Kontra bozkatu arren, jeltzaleek kudeatu beharko dute legea. Dagoeneko iragarri dute ez dutela errekurrituko.
Udazkenean sartuko da indarrean legea. Horren berritasunetako bat hutsik dauden etxebizitzak zigortzeko aukera da, metro kuadroko 10 eta 30 euro arteko isuna jartzeko aukera izango baita. Gainera, bankuei etxeen jabetza aldi baterako kentzeko aukera ere jasotzen du legeak. 70 eta 90 milioi euro arteko kostua izango du.