Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Urkullu: 'Itunik egonkorrena da EAJren eta PSEren arteko ituna'

Akordiora beste indar batzuk biltzea nahiko lukeela esan du lehendakariak, baina gaur-gaurkoz "eredua hau da", azpimarratu du.

Lehendakaritzan hartu du Euskadi Irratiko Maite Artola kazetaria Urkulluk. Argazkia: EiTB
Urkullu: 'Itunak egonkortasuna ziurtatuko du epe ertainean'

1:26

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk udal eta foru erakundeetan gobernagarritasuna bermatzeko izenpetutako akordioaren lehen balorazioa egin du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Horren ustez, gaur egun posible den eta indarrean dagoen "itunik egonkorrena da" bi alderdien artekoa. "Nahiko nuke beste indar batzuk ere biltzea, baina orain eredua hau da", agertu du.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, gaurkotasun politikoaren errepasoa egin du Urkulluk, udal eta foru hauteskundeen emaitzak eta gainerako alderdiekin duen harremana mahai gainean jarrita.

Jeltzaleek eta sozialistek erdietsitako akordioa "epe ertainera begira egindako itun bat da, itunik egonkorrena", lehendakariaren iritziz. Beste indar batzuk itunera biltzearen aukera ez du baztertu Urkulluk, akordiorik zabalenak lortu behar direlako, "baina oinarrian zoru bat ipini behar da, eta horrek ez du ukatzen PSEren eta EAJren itunean beste indar batzuek ere parte hartu ezin dezaketenik".

Sozialistekin lortutako ituna lehendakari kargua hartu zuenean adierazitakoaren testuinguruan kokatu du Urkulluk: "Orduan esan nuen legealdi hau akordioen legealdia izango zela, eta udal eta foru hauteskundeetan islatu da hori". Horren aburuz, indar politikoek ez dute gehiengo osorik lortu eta gizarteak alderdien arteko akordioak eskatu ditu. "Akordio egonkorrak gauzatzeko unea da", erantsi du.

EAJ-PSE alderdiek orain izenpetutako itunak Eusko Legebiltzarrean eragina izango ote duen galdetuta, jeltzaleek sozialistekin dituzten "harremanak errazteko" balio behar duela esan du lehendakariak, eta hainbat gaitan adostasunak lortzearen alde agertu da, bake eta bizikidetza alorrean edo autogobernuaren lantaldean esaterako.

Zerrenda bozkatuena

Udal eta foru hauteskundeen emaitzak hizpide, Gasteizen gertatutakoa (Urtaranek gobernatuko du, hautagai bozkatuena Maroto izan zen arren) ez zaiola gustatu aitortu du Urkulluk. Horren hitzetan, horrek alderdien arteko harremanei eragin die eta "goibeldu egin du egoera".

Dena dela, Urkulluk uste du, hori gorabehera, Alderdi Popularrak "baduela zer pentsatua"; izan ere, lehendakariaren iritzian, irabaztea bezain garrantzitsua da gainerako alderdiekin "adostasunerako ahalmen edo gaitasuna" izatea eta "hirian bizikidetasuna bermatzea".

Hauteskundeetan zerrenda bozkatuena zenak gobernatu behar ote duen galdetuta, jeltzaleek hasieratik hori aldarrikatu zutela adierazi du. Gerora, baina, "alderdi batzuek ez zuten errespetatu eta politika aldatu egin da", azaldu du Urkulluk. Hori dela eta, ez dago bermatuta zerrenda bozkatuenak gobernatzea, alderdiek akordioak adosten badituzte. "Bizkaiko herri batzuetan EAJ izan da bozkatuena baina azkenean oposizioan geratu da", nabarmendu du.

EH Bildu eta PP

Eusko Jaurlaritzak gainerako alderdiekin duen harremanaz ere mintzatu da lehendakaria. EH Bildu eta ezker abertzaleari dagokionez, Urkulluren iritzian, azken honek "badu zer ikasi erakundeen arteko bizikidetzaz eta jokoaren arauak errespetatzeaz". Horren adibide gisa, Gipuzkoako udalerri batzuetan eta batez ere lurralde horretako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan ezker abertzaleak izan duen jarrera aipatu du. "Azken momentura arte, EAJ judizializatu dute", salatu du.

Alderdi Popularrari dagokionez, lehendakariak ez du uste PPk "mendekuz" jokatu duenik Legebiltzarrean frackinga debekatzearen alde bozkatuta, eta "beste irakurketa batzuk" egin daitezkeela azpimarratu du; adibidez, "enpresa pribatuen alde" jokatzea.

Rajoren azken erabakien harira, Javier Marotori "onena opa" diola esan du Urkulluk, baina aldatu duenarekin baino gehiago aldatu ez duenarekin agertu da "kezkatuta". Izan ere, Javier Arenas Lurralde Gaietarako Presidenteordetzan utzi du, eta, lehendakariaren aburuz, horrek agerian uzten du "PPk zein estatu mota nahi duen"; alor horretan, "lehengoan jarraitzen du", erantsi du.

"Markoa aldatzeko aukera"

Autogobernuaren alorrean, indarrean dagoen markoa errespetatuta ere, marko hori "aldatzeko gaitasuna ez ukatzea da gakoa", Urkulluren arabera. Lehendakariaren hitzetan, EAJk arlo honetan egin duen planteamendua "oso ausarta izan da, bateragilea izan daitekeelako" eta indar politikoentzat "elkar puntua" ezar dezakeelako. "Uste dut ezker abertzaleak eta PSE-EEk ez luketela proposatu duguna onartzeko hainbeste arazo izango", azaldu du.

Ingurumaria horretan, Europar Batasunean erabakitzeko eta erakundetzeko gaitasunaren esparruan dauden beste adibide batzuk ekarri ditu gogora Urkulluk, Eskozia bera, Flandria edo Bavaria. "Badira beste herrialde batzuk gure ispilu izan daitezkeenak", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak