Politika -

Madrilgo Udala

Carmena BBVA eta Santanderrekin elkartuko da kaleratzeez hitz egiteko

Alkate izendatu aurretik, Bankiako ordezkariekin izan zen, eta etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko akordioa negoziatzen ari da Goirigolzarriren erakundearekin.

Manuela Carmena Madrilgo alkate berria. Artxiboko irudia: EFE
Manuela Carmena Madrilgo alkate berria. Artxiboko irudia: EFE
Manuela Carmena Madrilgo alkate berria. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuela Carmena Madrilgo alkate berriak bilera egingo du gaur BBVA eta Santander finantza erakundeetako presidente diren Francisco Gonzalezekin eta Ana Botinekin etxegabetzeen gaiaz hitz egiteko. Alkate izendatu aurretik, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentearekin ere elkartu zen.

Hala iragarri du Ser irrati-katean egin dioten elkarrizketan. Finantza erakundeak konbentzituko dituen itxaropena agertu du Carmenak, haren esanetan, bankuek herritarrekin hartu duten erantzukizunetako bat baita Madrilgo Udalari etxebizitzaren arazoa konpontzen laguntzea.

"Beraiek (bankuek) asko jaso dute, baita gugandik ere", adierazi du Carmenak. Hori dela eta, Madrilgo alkatearen hitzetan, bankuek "ezinbestekoa" den zerbait eman behar dute trukean; hots, udalei laguntza eman behar diete beren etxeetatik kaleratuak izan direnei alternatiba bat aurkitzeko.

Horren harian aurreratu duenez, dagoeneko Bankiarekin akordio bat prestatzen ari dira finantza erakundeak Madrilgo Udalari etxebizitza hutsak utz diezazkion, alokairu sozialera bideratzeko. "Zirriborro bat da" eta zehazteko dago, eta Carmenak gaineratu du oraindik ez dakitela zein etxebizitza diren eta baldintzak zein izango diren.

Carmenaren esanetan, Madrilgo Udala bereziki kezkatuta dago gaiarekin, eta etxegabetzeekin eta kaleratzeekin amaitzea du helburu. Hori dela eta, garrantzitsutzat jo du bankuekin harreman estua izatea. Halaber, etxebizitza eskubide soziala dela azpimarratu du, eta, horregatik, Hirigintza sailetik Eskubide Sozialen alorrera pasatu dutela azaldu du.

Hipotekadunen Plataformako (PAH) kideekin duen harremanaz galdetuta, Carmenak esan du elkarrizketak hasi dituztela berriro, eta "haserrerik egon bada", dagoeneko pasatzen hasi zaiela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA albisteak Banco Santander Etxegabetzeak