Politika -

Omenaldia Arrigorriagan

Bake Planaren 'manipulazioa' salatu du Eduardo Puellesen anaiak

Polizia Nazionaleko inspektorearen lagunek eta senitartekoek ETAren biktima gogorarazteko ekitaldia egin dute atentatuaren seigarren urteurrenean. ETAren azken biktima izan zen.

Eduardo Puelles
Eduardo Puelles
Eduardo Puellesen oroimeneko ekitaldi bat egin dute Arrigorriagan

0:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Puellesen senitartekoek eta lagunek ETAk hildako poliziari omenaldia egin diote gaur, Arrigorriagan (Bizkaian), erasoaren seigarren urteurrenean.

Bake eta Bizikidetza Planarekin “manipulazioa” egiten ari direla salatu du Josu Puelles anaiak. Puellesen hitzetan, biktimak “linbo etiko” batera desbideratzen ari dira eta hori “iruzur” bat da.

ETAren azken biktimari omenaldia egin diote Santa Isabel aparkalekuan. Polizia Nazionalaren inspektorea bertan hil zuen ETAk. Alfonso Gil PSEko zinegotziak, Javier Ruiz Bizkaiko PPren idazkari nagusiak eta Luis Eguiluz Bilboko PPren bozeramaileak lagunak eta senitartekoak lagundu dituzte ekitaldian.

Plaka

Ekitaldian, “balio sinbolikoa baino gehiago duen” plaka bat jarri du Paqui Hernandez Puellesen alargunak. “Herri honetako erakundeek jarri beharreko plaka bat da, baina ez dute egiten. Hitzak ez, ekintzak nahi ditugula esaten dugunean, honi buruz ari gara”, adierazi du Josu Puelles biktimaren anaiak. Covitek “biktima guztientzat” duintasuna eta justizia eskatzen jarraituko duela ohartarazi du anaiak.

Puellesen ahotan, “ETA garaitu” nahi baldin badute hildakoen oroimenez ekitaldiak “egin, eta horietan parte hartu” behar da, baina baita “estortsionatuen, mehatxatuen, kanporatuen edo bahituen” omenaldietan ere.

Azkenik, erakundeen “ganoragabekeria eta laguntza falta” deitoratu du Josu Puellesek. “Gertatu ez den historia bat gizarteari helarazi” nahi diotela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia EAE ETA Gaurko titularrak Arrigorriaga albisteak Gaurko azken ordukoa Terrorismoaren Biktimak