Politika -

EAEko Auzitegi Nagusia

Calparsorok deklaratzera deituko du Vera terrorismoa goratu duelakoan

Pili Zabalak salaketa jarri zuen Rafael Verak TVEn emandako erreportaje batean egindako adierazpenen harira eta, orain EAEko fiskal nagusiak ikerketa zabaldu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak deklaratzera deituko du Rafael Vera Estatuaren Segurtasunerako idazkari ohia terrorismoa goratu edota biktimak umiliatu dituelakoan; besteak beste, GAL Askapenerako Talde Antiterroristak bere "erabilgarritasuna" eta "rol praktikoa" izan zuela esateagatik. Pili Zabala GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxi Zabalaren arrebak salaketa jarri zuen adierazpen horien harira eta orain EAEko fiskal nagusiak ikerketa zabaldu du.

Verari 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Segundo Mareyren bahiketan parte-hartzeagatik, hain zuzen ere, hori izan zen GALeko egindako lehendabiziko ekintzetako bat. TVEn martxoan emandako erreportaje batean esan zuen litekeena dela ETAren kontrako gerra zikina "hutsegite legala" izatea, baina azpimarratu zuen GALek bere "rola" izan zuela ikuspuntu praktikotik begiratuta.

Ildo horretan, adierazi zuen Frantziak kolaboratzeko lagundu zuela GALen jardunak eta nabarmendu zuen talde terroristak hori egin izan ez bazuen Frantziak ez zuela kolaboratzeko presarik izango. "Erabilgarritasunen bat izan zuen", gaineratu du.

Duela hilabete inguru, Pili Zabalak salaketa bat aurkeztu zuen EAEko Fiskaltzaren aurrean biktima gisa "umiliatuta" sentitu zelako eta Verak terrorismoa goratu zuela argudiatuta.

Calparsorok izapideak ireki ditu eta idatzi bat bidali dio Poliziari Rafael Vera non bizi den esan diezaion "ikertu" gisa deklaratzera deitu dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAE albisteak Gaurko azken ordukoa Pili Zabala GAL albisteak Salaketak argazkiak Eguneko albisteak