Politika -
Eguneko lerroburuak
Markel Olano, Grezia eta AEBren espioitza, eguneko albisteak
Egunari heldu aurretik irakurri beharreko bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusi berria
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi berriak ezarri ditu legealdi honetarako lehentasunak: ekonomia suspertzea, lanpostuak sortzea, zerbitzu sozialak indartzea eta hondakinen arazoa konpontzea. PSE-EErekin lortutako akordioari esker, Gipuzkoa ?blokeo egoeratik? aterako dela adierazi du.
Olanok ?norabide aldaketa? iragarri du Gipuzkoak dituen arazoak konpondu eta herritarren beharrak asetzeko. Xabier Olano EH Bilduko hautagaiak ez du begi onez ikusten jeltzaleek eta sozialistek lortu duten akordioa, baina bozketa egin aurretik bere hautagaitza erretiratu eta bidea libre utzi zuen.
Gasteizen, berriz, Gorka Urtaran alkate jeltzaleak lehen bilera egin zuen atzo Javier Maroto popularrarekin eta EH Bilduko Miren Larrionekin. Marotok esan zuen Urtaranen Gobernua ?ahula? dela eta EH Bilduren esanetara dagoela.
Azken orduko negoziazioak Grezian
Greziak Europari aurkeztu dizkion erreformak aztertuko dituzte gaur Euroguneko Finantza ministroek. Hauen ustez, Greziak proposatutako erreformak ez dira nahikoak, eta gaurko bilera zuhurtziaz hartu dute.
Bien bitartean, Grezian, eztabaida eragin dute Tsiprasek aurkeztu dituen erreformak. Kalean protestak egin dira, eta batez ere Syrizaren eta Gobernu koalizioan dauden alderdien kritikak jaso ditu Alexis Tsipras lehen ministroak.
AEBk Chirac Sarkozy eta Hollande espiatu zituen
AEBk Jacques Chirac, Nicolas Sarkozy eta François Hollande Frantziako presidenteak espiatu zituen 2006tik 2012ra, Liberation eta Mediapart egunkariek gaur publikatu dutenez, Wikileaksen hainbat agiri oinarri hartuta.
AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) hiru estatuburuon eta horien kolaboratzaileen komunikazioak espiatu zituen, eta entzuketa horietan bildutako informazioa "Espioitza Eliseoa" izeneko hainbat txostenetan bildu zituen.
Laurent Joffrin Liberation egunkariko zuzendariak azaldu duenez, agerian geratu da AEBren espioitza "operazio handi bat" izan zela. Testuinguru honetan, "aliatuen artean espioitza egitea onartezina" dela adierazi du Frantziako Gobernuak.
Roberto Larrañaga, Confebaskeko presidente izateko hautagaia
SEA Arabako enpresaburuen elkarteak Roberto Larrañaga proposatu du Confebask patronaleko presidente izateko.
Arabako patronalari dagokio oraingoan Confebaskeko presidentea aukeratzea. Hortaz, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen baiezkoa jasotzen badu, Larrañagak hartuko du Miguel Angel Lujuaren lekua. Larrañaga Zikotz enpresako kontseilari delegatua da.
Euskaltel burtsara aterako da
Zeresana ematen ari da Euskalteleko hamar goi kargudunek enpresa burtsara ateratzeagatik jasoko duten ia 50 milioi euroko pizgarria. ELA sindikatuak inmoraltzat jo du, eta Euskaltel burtsara ateratzeko prozesua bertan behera uzteko eskatu du. Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez dela hori berak defendatzen duen enpresa eredua. Edozein kasutan, burtsara ateratzearekin, Euskalteleko 10 goi kargudunek jasoko dituzten ia 50 milioi euroak, akziotan inbertitzea, hau da, dirua enpresaren akziotan inbertitzea espero du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, ?Euskaltel Euskadin gehiago sustraitu dadin?.