Politika -

Kataluniako prozesua

Iraileko hauteskundeekiko konpromisoa hartzea adostu du ANCk

Hortaz, Kataluniako Biltzar Nazionalak indar politikoekin konplizitateak bilatuko ditu, hauteskunde horien "izaera plebiszitarioa" bermatuko duen hauteskunde-proposamena sustatzeko asmoz.

Jordi Sanchez ANCko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Jordi Sanchez ANCko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Jordi Sanchez ANCko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian irailaren 27an izango diren hauteskundeekiko konpromisoa hartzea adostu du ahoz batez Kataluniako Biltzar Nazionalak (ANC). Bazkideen % 96k aldeko boza eman du. Hortaz, ANCk indar politikoekin konplizitateak bilatuko ditu, hauteskunde horien "izaera plebiszitarioa" bermatuko duen hauteskunde-proposamena sustatzeko asmoz.

Alderdi independentisten batasunaren berme bezala jokatzearen alde azaldu da ere Omnium Cultural elkartea.

34.678 bazkidek zuten boza emateko eskubidea: 10.789ek (% 96) proposamenaren alde bozkatu dute, eta 450ek (% 4), berriz, proposamenaren aurka. Posta bidez bidalitako bozak zenbatzea falta zaie, eta horien emaitzak datorren astean emango dituzte jakitera, ANCk esan duenez.

Bestalde, Jordi Sanchez ANCko presidentea oso pozik azaldu da gaur barne-galdeketaren emaitzen harira. "Batasun handiena lortu behar dugu orain", esan du.

Sanchezek azpimarratu duenez, 16.000 lagunetik gora parte hartu izana "arrakastatsua da, prozesuak bizitasuna berreskuratu dezan, jende ugariren borondatea mahai gainean jartzen baitu".

Gauzak horrela, ANCk barne galdeketa egin du asteburu honetan, iraileko hauteskundeei begira zer jarrera hartu erabakitzeko. Galdeketako galdera honakoa izan da: "Nahi al duzu ANCk beste erakundeekin eta indar politikoekin beharrezko konplizitateak bilatzea, harik eta ahalik eta transbertsalitate gehien izango duen hauteskunde proposamen bat bultzatzeko eta irailaren 27ko hauteskundeen izaera plebiszitarioa bermatzeko?".

Artur Mas Generalitateko eta CDC alderdiko presidenteak ahalik eta hautagaitza transbertsalena eratzeko proposamena egin zien subiranotasunaren aldeko erakundeei bozen izaera plebiszitarioa indartzeko, eta Oriol Junqueras ERCko buruzagiak politikaririk gabeko zerrenda bakarra osatzea iradoki zuen. Proposamen horien ondoren, barne galdeketa egiteko erabakia hartu zuen aurreko astean Kataluniako Biltzar Nazionalak.

ANCko bazkideak atzo eta gaur izan dira botoa ematen, eta kanpoan daudenek posta elektroniko bitartez eman ahal izan dute botoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia