Politika -
Terrorismo jihadista
SOS Arrazakeria elkarteak Juan Calparsoro fiskalarekin bildu nahi du
Ertzaintzak meskiten gainean egin beharreko zaintza berezia dela-eta arduratuta dago elkartea, eta horretaz hitz egin nahi du EAEko fiskal nagusiarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako SOS Arrazakeria elkarteak Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiarekin bilera izatea eskatu du, arduratuta baitaude Ertzaintzaren 79. instrukzioa dela eta. Haien aburuz, instrukzio horrek Euskadiko meskitak "islamista erradikalak biltzeko balizko hargunetzat jotzen ditu".
Ertzaintzaren 79. instrukzioa delakoak 53.a ordezkatzen du (ETAren terrorismoaren aurkako borrokan erabiltzen zena), eta oinarrizko lau jardunbide ditu: prebentzioa, babesa ustezko atentatu posibleen aurrean, terrorismoa jazartzea eta eraso jihadista baten osteko erantzuna.
Komunikatu baten bidez, Fede Garciak (plataforma horretako bozeramailea) salatu du aipatutako polizia-instrukzioaren arabera meskitak arreta eta zaintza berezia izan behar duten tokiak direla. Alabaina, gogorarazi duenez, "delituak, krimenak eta atentatuak pertsonak egiten dituzte, eta ez sinesmenek".
Ildo beretik, honako hau adierazi du: "uste badute meskitetan egiten diren jarduerak ez direla gurtza-leku batean egin beharko liratekeenak, itxi egin beharko lituzkete".
Azkenik, bere iritziz "tokiko gizartearen eta auzotarren sentsibilitatea ez da hobetzen, baldin eta meskitak behin eta berriro leku susmagarritzat hartzen badira".