Politika -

Bilera instituzionala

Urkulluk 'aldebiko erronkak' aztertuko ditu ahaldun nagusiekin

Bilera asteazkenean izango da, Ajuria Enean, eta enplegua, gizarte politikak eta zergak izango dira jorratuko dituzten gai "nagusiak".

Iñigo Urkullu lehendakaria hiru ahaldun nagusiekin batzartuko da

1:25

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Unai Rementeria (Bizkaia), Markel Olano (Gipuzkoa) eta Ramiro Gonzalez (Araba) ahaldun nagusi berriekin bilduko da asteazken honetan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak iragarri duenez.

Erkorekak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "bi aldundiek partekatzen dituzten erronkak elkarrekin sustatzeko eta koordinatzeko" helburua du bilerak, "ekonomiaren susperraldiaren, enpleguaren sorkuntzaren eta zerbitzu publikoen hobekuntzaren" inguruan, hain zuzen ere. Ajuria Eneko bileran elkartuko dira lehenengo aldiz lau erakundeetako arduradunak.

Hala, eskualdeetako sustapen planak, ekintzailetza eta euskal enpresen nazioarteratzea izango dituzte hizpide. Gizarte alorrean, gizarte zerbitzuen karteraren garapena jorratuko dute, bi erakundeen arteko elkarlana beharrezko jotzen baitute urratsak egiteko. Zergei dagokienez, Zergak Koordinatzeko Erakundea sustatuko dute, iruzurraren kontrako egitasmoarekin batera.

Bilera Sanchezekin

Bilera horrez gain, Urkullu Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiarekin batzartuko da. Erkorekaren esanetan, "EAJren eta PSE edo PSOEren arteko gerturatze edo akordio giroan" izango da bilera. Jaurlaritzaren bozeramaileak uste du "une ona" izan daitekeela Eusko Jaurlaritzaren jardueraren "diagnosia" egiteko.

Erkorekak zehaztu du Urkulluk politika ekonomikoak, bake eta bizikidetza alorreko erronkak, eta Euskadiren etorkizunari buruzko gogoetak jarriko dizkiola mahai gainean. "Hiru zutabe horiek, Jaurlaritzaren jardueraren oinarrizko zutarriak, egongo dira mahai gainean diagnosi partekatuetarako", berretsi du.

Bidaia AEBra

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak iragarri duenez, lehendakariak bidaia instituzionala egingo du AEBra uztailaren 29tik abuztuaren 2ra, eta hirugarren bidaia izango du Europar Batasunetik kanpora.

Erkorekak azaldu duenez, Urkullu Boisen izango da Jaialdiko ekitaldietan, eta Idahoko gobernadorearekin, Boiseko alkatearekin eta enpresariekin elkartuko da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Boise State Universityk lan-hitzarmena sinatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Unai Rementeria albisteak Markel Olano Arabako Ahaldun nagusia