Politika -

Elkarrizketa

EAJk eta PSOEk 'galtzaileen ituna' sina lezaketela uste du EAEko PPk

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Laura Garrido Euskadiko PPren bozeramaileak adierazi du, bere ustez, Alderdi Popularra izango dela alderdi bozkatuena hauteskunde orokorretan.

Laura Garrido Euskadiko Alderdi Popularreko bozeramaile eta legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Laura Garrido Euskadiko Alderdi Popularreko bozeramaile eta legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Garridok adierazi du PP izango dela alderdi bozkatuena hauteskundeetan

3:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Garrido Euskadiko popularren bozeramaile eta legebiltzarkideak adierazi du gerta daitekeela PSOEk eta EAJk "galtzaileen ituna" sinatzeko interesa izatea Alderdi Popularrari aurre egiteko; izan ere, horren ustez, PP izango da alderdi bozkatuena Espainiako hauteskunde orokorretan.

"Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina, dirudienez, aurreko hauteskundeetan gertatu bezala, PP izango da alderdi bozkatuena. Hala ere, PPk gehiengorik ez badu, litekeena da beste alderdiek PP botatzeko galtzaileen ituna sinatzea. Ziur aski, EAJk eta PSOEk PP paretik kentzeko interesa izan dezakete." azaldu du.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, buruzagi popularrak azpimarratu du EAJren eta PSE-EEren arteko "harreman ona"ri esker "erakundeetako boterea" banatu dutela, nahiz eta sozialistek udal eta foru hauteskundeetan lorturiko emaitzak "ez ziren oso onak izan".

Garridok kritikatu duenez, eserlekuak banatu dituzte jada, baina "oraindik ezezaguna da jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna nola gauzatuko den, zer proiektu egingo dituzten, herritarren arazoak nola konponduko dituzten edota langabezia jaisteko edota hazkunde ekonomikoa sustatzeko zer egingo duten". "Galdera ikur asko daude airean. Dakigun bakarra da eserlekuak banatu dituztela foru aldundietan, udaletan eta beste hainbat erakundetan", esan du.

Garridoren hitzetan, EAJk uste du gauzak errazagoak izango direla PSOErekin. Ildo horretan, gaineratu du sozialistekin errazagoa izango zaiola EAJri bere nahi subiranistak, erabakitzeko eskubidea edo bestelako helburuak gauzatzea. Baina PSOEren eta beste alderdi batzuen arteko itunak ezegonkortasuna ekarriko duela ohartarazi du.

"PSOEk ez ditu gauzak batere argi. Egun batean gauza bat esaten du eta hurrengo egunean, ostera, beste bat egiten du. Ez dakigu egungo marko juridikoa errespetatuko duen ere. Marko juridikoak alda daitezke, baina ez batzuen nahiak betetzeko", nabarmendu du.

Bestalde, buruzagi popularrak adierazi du bere alderdiak proposatu duen hauteskunde legearen erreformak alderdi bozkatuenari egingo diola mesede. Horren hitzetan, erreforma "justu eta zentzuduna" da, ez "galtzaileen itunari" aurre egiteko proposamen bat. Dena den, azpimarratu du ez zela bidezkoa izan azken hauteskundeetan gertaturikoa, eta Gasteizko Udala jarri du horren adibide.

Halaber, Laura Garridok adierazi du hauteskunde legearen erreformaren helburua gizartearen borondatea islatzea izango dela. "Hori da jendeak kalean eskatzen duena", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Alderdi Sozialista Alderdi politikoak bideoak Euskadiko PP