Politika -
Artur Masen aurrean
Felipe VI.a: 'Legea errespetatzea ezinbestekoa da elkarbizitzarako'
Bestalde, Espainiako erregeak Konstituzioa goraipatu du eta esan du 'nahitaezkoa' dela komunitate politikoaren funtzionamendua bermatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Felipe VI.a Espainiako erregeak Artur Mas Generalitateko presidentearen aurrean esan du legea errespetatzea ezinbestekoa dela elkarbizitza demokratikoa bermatzeko. Bartzelonako epaileen bulego banaketa ekitaldian topo egin dute bi agintariek eta Espainiako erregeak legearen errespetuan jarri du azpimarra.
Bere hitzaldian Felipe VI.ak azpimarratu du botere judizialarentzat zein Estatuko gainerako erakundeentzat legearekiko errespetua ez dela tramite, formalitate edota alternatiba hutsa.
Halaber, Espainiako erregeak Konstituzioa goraipatu du eta azpimarratu du "nahitaezkoa" dela komunitate politikoaren funtzionamendua eta gizarte zein ekonomia garapena bermatzeko.
"Zuzenbide Estatuaren bitartez, hiritarrek beren askatasunen bermea aurkitzen dute botere publikoen aurrean; izan ere, botere publikoek legea errespetatu behar dute eta, horrela, Estatuaren funtzionamendu ordenatua bermatzen dute", azpimarratu du.
Espainiako erregeak ohartarazi du "justiziarik eta justizia independenterik gabe ez litzatekeela posible izango komunitate politiko demokratikoa osatzea".
"Eta zuei, epaile eta magistratuoi, independente, mugiezin eta arduratsu eta legearen esanetara zaudetenoi dagokizue justizia banatzea. Hiritarren elkarbizitzarako ezinbestekoa den egitekoa burutzeko ohore eta ardura izango duzue", gaineratu du.