Politika -
Nazio Batuen Erakundea
Iraganeko giza eskubideen urraketak ikertzea eskatu diote Espainiari
Konkretuki, gerra zibilean eta diktaduran zehar gertatutako “tortura delituak, desagerpenak eta exekuzioak” ikertzeko eskatu dio NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari.
Agentziak | Erredakzioa
Iraganean egindako giza eskubideen urraketa guztiak ikertu ahal izateko 1977ko Amnistia Legea indargabetzea edo zuzentzea eskatu dio gaur Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari.
Batzordeak Espainiaren egoera aztertu zuen uztailaren 6an, eta gaur ondorioak aurkeztu ditu.
?Estatuak 1977ko Amnistia Legea indarrean mantendu nahi izateak kezkatzen? duela azaldu du Batzordeak; izan ere, ?iraganeko giza eskubideen urraketak ikertzea eragozten du horrek?, konkretuki, gerra zibilean eta diktaduran zehar gertatutako ?tortura delituak, desagerpenak eta exekuzioak?.
?Estatuak berehala egin ditzakeen gauzak daude, gertakarien lekukoak dagoeneko oso zaharrak dira, horiek hiltzea saihesteko. Gainera, biktimei kalte-ordaina ematea posible da?, zehaztu du Fabian Salvioli Batzordeko presidenteak.
Desagertuen bilaketa
Era berean, ?desagertutako pertsonen bilaketa, gorpuak lurpetik atera eta pertsonak identifikatzeko prozeduren araudian gabeziak eta hutsuneak? daudela kritikatu du adituen Batzordeak. Horregatik, euren ?kezka? agertu dute.
Konkretuki, desagertutako pertsonak aurkitzea eta identifikatzea ?senitartekoen esku? uzten ari direla azpimarratu du Batzordeak. ?Horrek desberdintasunak areagotzen ditu biktimen artean, eskualdeen arabera?, salatu dute adituek.
Gainera, artxiboak eskuratzeko zailtasunak kritikatu dituzte adituek, batez ere militarrenak.
Inkomunikazioa eta tortura
Atxilotuen inkomunikazio erregimenari dagokionez, ?ezabatzeko beharrezko neurri legegileak hartzeko gomendioa eman du berriro? Batzordeak.
Bestalde, ?Estatuko segurtasun indarrek egindako torturen eta tratu txarren salaketak kezkarekin ikusten? ditu Batzordeak.
Bereziki, ?salaketa ikerketen eta zigorren ahultasuna?, kritikatu dute adituek. Zentzu horretan, tortura delituengatik zigortutako poliziei emandako indultuengatik kezkaturik agertu dira, ?horrek segurtasun indarren zigorgabetasun sentsazioa areagotzen duelako?.
Horregatik, ?tortura delituen errudun jo dituzten pertsonei indultua emateko aukera debekatzea? eskatu dio Batzordeak Espainiari.