Politika -
Prentsaurrekoa
EH Bildu: 'Estatuaren mehatxuek demokrata guztiak batu dezakete'
Koalizioaren irudiko, PPren Gobernuaren jarrerari esker, "abertzaleetatik eta independentisteetatik haratago, euskal demokrata guztien batasuna lor dezakegu".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hasier Arraizek eta Rebeka Uberak, EH Bilduko buruzagiek, larunbat honetan adierazi dutenez, "Estatuaren mehatxuek euskal demokrata guztien batu ditzakete, abertzaleetatik eta independentisteetatik haratago".
Kataluniaren egoeraren aurrean Estatuak egindako "mehatxuak" errefusatu dituzte Arraizek eta Uberak, tartean Konstituzioaren 155. artikuluak jasotzen duen autonomia baten baliogabetzearena.
Horien irudiko, PPren Gobernuaren jarrerari esker, baliteke batasun hori alor nazionalistatik harago joatea. " Euskal demokraten arteko akordioak bilatu behar ditugu, Espainiako Estatuaren erasoei aurre egiteko", gaineratu dute.
Arraizek azpimarratu duenez, "Katalunian abian duten prozesu eratzaileak hautsak harrotu ditu Espainiako Estatuko instituzioetako eta alderdi politiko nagusietako ordezkarien artean". Arraizen ustez, "Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa eta eskubide ukatzailea agerian geratu".
"EH Bildutik argi diogu: Espainiako Estatuak demokratizazio sakona behar du, baina demokraziarik ez da egongo menpeko diren herriei eta herritarrei dagozkien erabakitzeko eskubidea aitortzen ez bada", nabarmendu dute koalizioaren bozeramaileek.
Bestalde, gaur Estatuan ospatzen den Santiago egunari aipamena egin diote. "'Santiago y cierra España' zioten ; bada, guk Estatuaren ateak irek behar direla diogu. 1978. urtean itxita gelditu ziren ateak behingoz irekitzeko unea da, eta Estatuan bizi diren nazioek libreki erabakiko dute gelditzen ote diren ala alde egin behar duten", esan du Arraizek.
Amaitzeko, Mikel Laboaren 'Txoriak txori' kantaren harira, EH Bilduren buruzagiak ondorioztatu duenez, "batzuk kaiolak itxita mantendu nahi dituzte, baina guk kaiolako ateak zabaldu nahi ditugu, libre izan nahi duten txoriak garelako".