Politika -
Uztaileko barometroa
PPk irabaziko lituzke hauteskundeak, PSOEri 3,3 puntuko aldea aterata
Podemos eta Ciudadanos maldan behera daude. Uxue Barkos, buruzagi politiko baloratuena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako hauteskundeak gaur egingo balituzkete, PP izango litzateke alderdi bozkatuena, botoen % 28,2 jasota, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) uztaileko inkestaren arabera.
PPk 3,3 puntura handitu du PSOErekin duen aldea. Alderdi sozialistak botoen % 24,9 eskuratuko lituzke.
Hirugarren lekuan Podemos dago berriz, baina ia puntu bateko babesa galduta. Boto-emaileen % 15,7k egingo lukete alderdi horren alde. Ciudadanos ere maldan behera dago, bi puntu galdu baititu (% 11,1era jaitsi da).
Nolanahi ere, boto zuzena kontuan hartuta, PSOE da babes handiena duena (% 17,3). Ondoren hauek daude: PP (% 16), Podemos (% 12,6) eta Ciudadanos (% 7,7).
Barometroaren arabera, alderdi-bitasuna indartu egingo litzateke, PPk eta PSOEk botoen % 53,1 batuko bailituzkete.
Aitzitik, alderdi azaleratu berriek indarra galdu dute. Horren harira, Podemosek % 23,9ko boto asmoa zuen urtarrilean, eta % 15,7ra jaitsi da uztailean.
Ciudadanos % 3,1etik % 13,8ra igo zen apirilean, baina hiru puntu galdu ditu orain.
Euskal alderdiei dagokienez, EAJk bikoiztu egingo lituzke babesak, % 0,7tik % 1,3ra, eta Amaiurrek ere gora egingo luke, % 0,9tik % 1,1era.
Nafarroan, Geroa Bai % 0,1etik % 0,5era haziko litzateke; eta, UPN, % 0tik % 0,1era.
Barkos, baloratuena
Buruzagi politikoen arloan, Uxue Barkos Nafarroako presidentea da berriz baloratuena, 4,72ko nota lortuta. Azkenekoz agertu da inkestan, Kongresua utzi baitu.
Estatuko buruak kontuan hartuta, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia da bloratuena, 3,84 punturekin. Puntu bat baino gehiagoko aldea du Mariano Rajoyrekin.