Politika -
15. urteurrena
Zumaiako Udalak jarrera aldaketa eskatu du Kortaren urteurrenean
Oier Korta alkatea buru duen Udal Gobernuak, aitorpen instituzionala atera du ETAk duela 15 urte erail zuen Joxe Mari Kortaren omenez. EH Bilduk ez du aitorpena babestu.
Agentziak | Erredakzioa
ETAk Joxe Mari Korta erail zueneko 15. urteurrena bete da larunbat honetan eta Gipuzkoako Patronaleko presidentea izan zena omentzeko, Zumaiako Udalak aitorpen instituzionala egin du.
Azken udal hauteskundeetan EAJk eta PSE-EEk koalizioa osatu eta Oier Korta (EAJ) ETAk 2000. urteko abuztuaren 8an erail zuen Joxe Mari Kortaren iloba alkate izendatu zuten. EH Bilduk ez du Udal Gobernuak ateratako aitorpena babestu.
"Hamabost urte pasatu dira ETAk Joxe Mari Korta hil zuenetik, baina oraindik oso gogoan dugu ekintza horrek Zumaiako herriarengan izan zuen eragina", aipatuz hasten da Zumaiako Udalak kaleratu duen aitorpena.
Bilduk aitorpena ez babesteaz kexatu da Udal Gobernua, baina 2016an, Kortaren heriotzaren 16. urteurrenean, Bilduren babesa jasotzea espero dute. Horren inguruan, erreferentzia hau egin dute: "Iragana aldaezina dela ukaezina izan arren, aukera politiko desberdinek iraganean gertaturikoaren inguruan egindako balorazioak alda daitezkeela eta aldatu beharrekoak direla uste dugu. Gaitzespena bezalako hitzez haratago, Joxe Mari Kortaren erailketaren hamabosgarren urteurrenean, basakeria haren aurrean urteetan eginiko justifikazio eta zuritzeak, eta norbanakoen edota taldeen isiltasunak, ez orduan, ez orain, ez dutela zentzurik izan".
Testuan, "urteak aurrera egin ahala, zorionez, beste egoera sozial eta politiko baten aurrean gaude. Gaur egun ,inork ez du babesten, demokratikoak eta politikoak ez direnbideak herrigintzarako erabiltzea. Hala eta guztiz ere, begibistakoa da,oraindik bide luzea dugula egiteko, gure arteko desberdintasunak kontuan izanik, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun finko eta zurruna nahi badugu", adierazten dute Zumaiako EAJ eta PSE-EE Udal taldeek.
Azkenik, bakearen eta elkarbizitzaren inguruko hausnarketa ere egiten dute Joxe Mari Kortaren omenez egindako aitorpenean: "Bakeak eta elkarbizitzak, biolentziaren injustiziaren aitorpena eta biktima ororen duintasuna eta jasandako minaren onarpena beharrezkoa du. Horretarako, atzera begiratu behar dugu, eta gaur egun biolentzia baztertzera eramaten gaituzten arrazoiak iraganarekin erabili: borroka edota ideia politikoen defentsak ez du bidezko bihurtzen giza eskubideen urraketa; gutxiago horietan garrantzitsuena dena urratzea, hau da, bizitza eskubidea urratzea".