Politika -
Politika
Zein politikarik bultzatzen ditu ekimen gehien Legebiltzarrean?
Legegintzaldiko hirugarren urteko datuen arabera, parlamentu-taldeek 11.382 ekimen aurkeztu dituzte Ganberan; erdia baino gehiago PSE-EErenak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Parlamentu-taldeek 11.382 ekimen aurkeztu dituzte Legebiltzarrean, legegintzaldiko hirugarren urte honetan; horien erdia baino gehiago, PSE-EEk planteatu ditu. PSE hirugarren indarra da Ganberan.
Europa Pressek bildutako datuen arabera, oporrak heldu aurretik 11.382 ekimen zituzten aurkeztuta taldeek; horietatik, 5.917, erdia baino gehiago, sozialistek esklusibaz aurkeztuak ziren (16 jesarleku ditu PSE-EEk) eta beste 30 ekimen beste hainbat talderekin batera bultzatu dituzte.
Ekimenen zenbakiari dagokionez, EH Bildu da bigarrena (2.549 ekimenekin; bigarren indarra da Legebiltzarrean eta 21 jarleku ditu), PP hirugarren postuan dago (1.805rekin) eta UPyD laugarren dago (1.006rekin).
Datuek islatzen dute aurreko urteetako joera baieztatzen dela. PSE-EE parlamentari-talderik aktiboena da, nahiz eta EAJrekin zenbait akordio adostu dituen legegintzaldian zehar (2013ko irailekoa, 2014 eta 2015eko aurrekontuen gainekoak edo erakunde-egonkortasuna bermatzeko berriki hitzartutakoa, maiatzeko hauteskundeen ostekoa).
Legebiltzarkideei dagokienez
Legebiltzarkideei dagokienez, halaber, aurreko urteetako joera errepikatzen da. Carmelo Barrio da ekimen gehien bultzatzen dituen politikaria, 943rekin, eta Gorka Maneiro kokatzen da haren atzean, 942rekin. Lehenengo hamarren artean, beste guztiak PSEkoak dira: Idoia Mendia (685), Jesus Zaballos (539), Bixen Itxaso (499), Txaro Sarasua (489), Miren Gallastegui (472), Susana Corcuera (471), Vicente Reyes (424) eta Blanca Roncal (410).
Jarduera legegilea eta tramitatzen ari diren legeak
Legegintzaldi honetako lehen hiru urteetan, Eusko Jaurlaritzak 14 ekimen legegile igorri ditu, eta taldeek 26. PSE-EEk zazpi erregistratu ditu bakarrean, eta beste hiru gainerako talde batzuekin; PPk, zazpi bakarrean, eta bat beste talde batzuekin; EH Bilduk, zazpi bakarrean; EAJk, bat bakarrean eta bi beste talde batzuekin batera; eta UPyDk, bat. Igorritako legeen artean, 15 onartu dituzte, aurrekontuetakoak kenduta.
Irailean abiatuko den azken urtean lan handia izango dute legeei dagokienez; izan ere, une honetan Gobernuak igorritako hamar egitasmo ari dira tramitatzen, Udal-legea tartean, eta taldeetako beste zazpi (besteak beste, Kontuen Auzitegiaren berrikuntzakoa; PSEk Lurralde Historikoen Legearen berrikuntzakoa iragarri dute).