Politika -

Elkarrizketa

EAJk Gobernu ahula eta ezegonkorra nahi du Madrilen, esan du Quirogak

Euskadiko PPren buruaren arabera, jeltzaleei PSOEk hauteskunde orokorrak irabaztea interesatzen zaie "nazio espainiarrari buruzko eztabaida zabaltzea hitzeman dielako".

europa press

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentearen ustean, EAJk Espainian "Gobernu ahula" sortzea nahi du, hauteskunde orokorren ostean, Euskadin "ezegonkortasuna sortzeko" eta independentziaren saiakerari ekiteko.

Gainera, adierazi duenez, jeltzaleei PSOEk hauteskunde orokorrak irabaztea interesatzen zaie "nazio espainiarrari buruzko eztabaida zabaltzea hitzeman dielako".

Europa Pressek egindako elkarrizketa batean esan duenez, momentuz, EAJ "ikusten ari da Katalunian gertatzen ari dena" eta, bere ustean, hauteskunde orokorrak "erabakigarriak" izango dira etorkizuneko estrategia politikoari dagokionez. "Gobernu ahul batekin, nazionalisten babesa beharko du, aukera eman eta Euskadik independentzia lortzeko ahalegina egingo du", gaineratu du.

"Sozialistek federazioa proposatu dute, hortaz, abagunea ikusi dute haien proposamenak egiteko", erantsi duenez.

Testuinguru horretan, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Andoni Ortuzarrekin eta Idoia Mendiarekin -EAJren eta PSE-EEren buruekin, hurrenez hurren- batera izan zuten bilera aipatu du. "Bilera horretan, gehien bat, interesen gaineko akordioa ikusi ahal izan zen".

Halaber, azpimarratu duenez, sozialistak "EAJrekin ere nahi dute akordioa, irabaziz gero, bidelagun izan litekeelako eta, galduz gero, gobernua osatzeko kide ere izan litekeelako".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV PSOE Iñigo Urkullu biografia Andoni Ortuzar bideoak Arantza Quiroga argazkiak Pedro Sánchez albisteak Euskadiko PP bideoak