Politika -
Nafarroa
Aierdi: "Kalitatezko enplegua sortzea da lehentasunetako bat"
Gainera, Nafarroako Ekonomia presidenteordeak Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria'n baieztatu du Goyo Monreal proposatu duela Uxue Barkosen gobernuak Bake eta Bizikidetza zuzendari nagusi izateko.
G.U.
Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko Ekonomia presidenteordea Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' saioan izan da, eta nabarmendu du 2016ko aurrekontuak prestatzea duela, une honetan, zeregin nagusi.
Adierazi duenez, iraileko bigarren hamabostaldirako zehaztu nahi du datorren urterako aurrekontuen muina, baina gastu sabaia aurtengoaren antzekoa izango delakoan dago, 3.400 milioi eurokoa, alegia. Foru Gobernuak datorren urteko aurrekontu egitasmoaren ardatzak finkatu ditu jada: pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egitea, eta kalitatezko enplegua sustatzea. Bestalde, aurrekontuak Parlamentuan onartzeko, Uxue Barkosen gobernua sostengatzen duten lau alderdiez gain, sozialisten babesa ere nahi lukeela adierazi du, eta azpimarratu du bozeramaile guztiekin harremanetan jarriko dela.
Gainera, Aierdi baieztatu duenez, Goyo Monreal proposatu du Barkosen gobernuak Bake eta Bizikidetza zuzendari nagusi izateko. Foru parlamentari eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore eta Jaurlaritzako sailburuorde izandakoa da Monreal, besteak beste. Oraindik izendapena baieztatu gabe dago.