Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Egibarrek Sorturi: 'ETAren amaiera gaizki kudeatzen ari zarete'

Kataluniako prozesua Euskal Herrikoa baino azkarrago badoa, “han alderdi guztiek bide baketsu eta demokratikoak beti erabili dituztelako da”, erantzun dio Joseba Egibarrek Hasier Arraizi.

Joseba Egibar EAJren bozeramailea Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Joseba Egibar EAJren bozeramailea Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Egibar: 'ETAren amaiera txarrago kudea daiteke?'

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibarrek uste du Kataluniako prozesu soberanista Euskal Herrikoa baino azkarrago badoa, “han erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdi guztiek bide baketsuak eta demokratikoak beti erabili” dituztelako dela.

Gernikako Estatutua babesten dutela esaten dutenek, bete egin beharko lukete eta oraindik transferitu gabe dauden eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi”, adierazi du.

EH Bilduk aurkeztuko duen kontsulten legeari dagokionez, Egibarrek esan du Euskadik izan behar duen estatus politiko-juridiko berria Legebiltzarreko “autogobernu batzordean eztabaidatu eta adostu” behar dela.

Ildo horretan,  erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesua Katalunian Euskal Herrian baino “azkarrago” badoa, “han alderdi guztiek bide baketsuak eta politikoak beti erabili dituztelako da”, azpimarratu du Hasier Arraizi erantzunez.

Gainera, “Katalunian herri-mugimenduek independentziaren alde antolatutako mobilizazioak ez dira zelai batea amaitzen,  instituzioetan baizik”, erantsi du.

Bakegintza

Bake prozesuari dagokionez, ETAren amaiera “gaizki kudeatzen” ari dela leporatu dio ezker abertzaleari. “Ez da pauso eraginkorrik eman armagabetze prozesuan, ezta eragindako minaren aitortzan ere”, deitoratu du.

Bestalde, ETAren amaiera Poliziak egitearen kontra agertu da, “horrek ez baitu bermatuko erakunde armatuaren behin betiko desagertzea”.

Horrenbestez, “indarkeriaren amaiera ordenatua” defendatu du eta, ildo horretan, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du. “Garaipenezko adierazpen gutxiago egitea eta ardura gehiagoz jokatzea” eskatu dio.

Oroimenaren harira, indarkeriaren ikuspegi “partzialak” baztertu behar direla eta “ikuspegi orokor” bat izatea lortu behar dela adierazi du, “gertatukoaren oroimen partziala ekiditeko”.

Egibarren iritzian, biktimak guztiak hartu behar dira kontuan, GALen nahiz ETArenak. “Giza eskubideekiko konpromisoak ETAk zer egin duen ez ahaztea dakar”, gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Joseba Egibar Artola Eusko Legebiltzarra bideoak Gaurko azken ordukoa