Politika -

Batzar Nagusiak

Euskaldunen eta katalanen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Arabak

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak uste du alderdi guztiak elkarlanean aritu behar direla, "Euskadi Espainian hobeto egokitu eta denok asebeteta geratzeko".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Batzar Nagusiek euskal herritarrek eta katalanek euren etorkizuna “demokratikoki eta modu baketsuan” erabakitzeko eskubide osoa dutela aldarrikatu dute, “baita estatu independenteak eraikitzeko aukera ere”.

Ciudadanosek adierazpen bat aurkeztu zuen Arabako Batzar Nagusietan, “parlamentuek eta gobernuek legeak bai ala bai bete” behar dituztela eta “Espainiako herritarren subiranotasunaren gainetik egoterik ez” dutela esanez.

EH Bilduk, PSEk eta PPk zuzenketak aurkeztu dituzte eta koalizio soberanistarena soilik atera da aurrera, puntuka izan bada ere.  Podemoseko zortzi batzarkideek ere EH Bilduren zuzenketen alde bozkatu dute.

“Katalunian eta Euskal Herrian hasitako prozesu demokratikoen aurrean Estatuko botereek errespetua agertu behar dute, euskal herritarrek eta katalanek Espainiaren parte izaten jarraitu nahi duten edo ez eta ze egitura politiko-instituzional nahi duten erabaki dezaten”, dio gaur onartutako testuak.

Horrez gain, adierazpen horretan, “PPren Gobernua Kataluniako prozesu demokratikoaren aurka erabiltzen ari den mehatxuak eta bitarteko legalak” arbuiatzen dira, eta adibide moduan “Auzitegi Konstituzionalaren premiazko erreforma” eta Pedro Morenes Defentsa ministroak “Armadaren interbentzioarekin mehatxu egin izana” aipatzen dira.

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak uste du alderdi guztiak elkarlanean aritu behar direla, “Euskadi Espainian hobeto egokitu eta denok asebeteta geratzeko”.

Bizkaiak eta Euskadik Espainian izan beharko luketen “marko juridiko eta politikoari” buruz duen jarrera argitzeko eskatu zion Javier Ruiz PPko bozeramaileak Rementeriari.

Bizkaiko ahaldun nagusiak gaurko bilkuran erantzun dio galderari: “Herritarren gehiengoak uste badu Euskadi Estatuan behar bezala egokituta ez dagoela eta, ondorioz, aldaketak eskatzen baditu, agintari politiko guztien ardura da nahi horri bide ematea”.

“Euskadi, euskal herritarrek askatasunez erabakitzen dutena izango da eta legedia borondate demokratiko horretara moldatu beharko da”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Zer gertatu da Bizkaian? Araba Albisteak