Politika -

Autogobernua

Ortuzar:'Franco bera ere ez zen ausartu Kontzertu Ekonomikoa kentzera'

"Kontzertu Ekonomikoa euskal herritarren eta botere zentralaren arteko ituna da. Itun hori hausten bada, dena hautsiko da”, ohartarazi du Ortuzarrek tokiko telebista batean egindako elkarrizketan.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea. Artxiboko irudia
Andoni Ortuzar EAJko presidentea. Artxiboko irudia
Andoni Ortuzar EAJko presidentea. Artxiboko irudia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko buruzagiak azpimarratu du Franco bera ere ez zela ausartu Kontzertu Ekonomikoa kentzera Araban eta Nafarroan, “Bizkaian eta Gipuzkoan indargabetu egin bazituen ere, herrialde horiek traidoretzat jo ostean”.

"Kontzertu Ekonomikoa euskal herritarren eta botere zentralaren arteko ituna da. Itun hori hausten bada, dena hautsiko da”, ohartarazi du Ortuzarrek TeleBilbao telebistak gauean emitituko duen elkarrizketan.

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak berriro esan du Kontzertu Ekonomikoa ez dela pribilegio bat: “Eskubide bat da eta, aldi berean, aldebakarreko arrisku bat ere bai Euskadirentzat”.

Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidenteak egindako adierazpen polemikoak ere izan ditu hizpide. “Andaluziak erronka horri heldu behar dio; gu ez gara pribilegiatuak, gu ausartak gara; Susana Diaz oker dabil berea defendatzeko gureari eraso egin behar badio. Guk inoiz ez dugu Andaluziaren kontra ezer esan”, gogoratu du.

Bestalde, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunen harira, Ortuzarrek esan du EAJk Trantsizioan “eskubide historikoak berreskuratzeko borroka egin” zuela eta Konstituzioari buruzko erreferendumean abstentzioaren alde egin zuela. “Katalunia, berriz, Konstituzioaren alde gehien bozkatu zen erkidegoa izan zen eta orain Espainiatik joan egin nahi dute”, azaldu du.

EAJk subiranotasuna lortzeko “bide propioa” duela esan du eta egungo erronka nagusiak enplegua sortzea eta ETAren indarkeriak azken 50 urteotan eragindako zauriak ixtea direla nabarmendu du.

“Bide okerretik azkarrago joan arren, helmugara beranduago heltzen zara”, erantsi du estrategia soberanisten harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua albisteak Gaurko azken ordukoa