Politika -

Omenaldia

Txiki Benegasen 'akordioaren politika' aldarrikatu du Pedro Sanchezek

Irailean hil zen Benegas. Larunbat honetan hainbat alderdikide, lagun eta senitarteko bildu dira Kursaalen, omenaldia egiteko.

PSOEk eta PSEk Txiki Benegas omendu dute Donostiako Kursaalean

5:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txiki Benegasen ''politikarako jardun ona'' oraindik ''indarrean'' dagoela aldarrikatu du Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, larunbat honetan Benegasi Donostiako Kursaalen egindako omenaldian. Joan den irailaren 1ean zendu zen euskal politikaria, eta gaurkoan hainbat alderdikide, lagun eta senide elkartu dira Gipuzkoako hiriburuan.

Ekitaldi horretan Sanchezek esan du Benegasek ''elkarrizketan'' sinesten zuela, baina, horrez gain, inoiz ez ziola horri uko egin. ''Negoziatzaile sutsua zen, eta inoiz ez zen mahaitik altxatzen akordiorako azken zirrikitua aztertu arte''.

''Politikarako jardun ona, elkarrizketaren politika eta akordioaren politika'' oraindik indarrean daudela esan du Sanchezek, eta horiek ahalbidetu zutela 1978ko Konstituzioa, Moncloako itunak, Toledoko Ituna eta EBn sartzea. Halaber, politikarako jarrera horrek ekarri zuen ''ETAren amaiera'', Sanchezen esanetan.

Idoia Mendia PSE-EEko buruak ireki du ekitaldia, eta Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak ere hartu dute parte bertan. Omenaldian izan dira ere, besteak beste, Patxi Lopez, Susana Diaz, Miquel Iceta eta Maria Chivite sozialistak; Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Estefania Beltran de Heredia Segurtasuna sailburua, Jose Antonio Ardanza lehendakaria, eta hainbat alderdietako ordezkariak, tartean Itxaso Atutxa, Borja Semper, Rafa Larreina eta Gorka Maneiro. Juan Calparsoro EAEKo fiskal nagusia eta UGT (Candido Mendez, Nicolas Redondo eta Raul Arza), eta CCOO (Mikel Telletxea) sindikatuetako ordezkariak ere bertaratu dira.

Kupoa eta kontzertu ekonomikoa

Ekitaldi horretan ordezkari sozialistek ez dute kupoaren inguruan adierazpenik egin nahi izan; goizean, ordea, Jose Antonio Pastor PSE-EEko Legebiltzarreko bozeramaileak Radio Euskadin adierazi du PSOEko zenbait buruzagik ''hanka sartu'' dutela kupoaren auziarekin.

Gai horreekin lotuta, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak '''erantzukizunez'' aritzea eskatu die alderdi politikoei, EAEko Kontzertuaren eta Nafarroako Hitzarmenaren kontrako ''eraso bidegabe eta arrazoi gabekoaren aurrean''.

Lizarran egin dituen adierazpenetan, Ortuzarrek nabarmendu du ez dela pribilegioa, ''eskubidea baino'', eta ''argudioak sendoak'' direla. Bere ustez, ''urduritasuna, hainbat erkidegotako kudeaketa desegokia eta Kataluniako auzia'' dela eta piztu da jarrera hori hainbat buruzagirengan. EAEko eta Nafarroako finantza erregimenak ''txipiroiaren tinta'' moduan erabiltzen dituzte, ''bere arazo eta akatsa propioak estaltzeko'', jeltzalearen hitzetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa PSE-EE berriak