Politika -
Epsilon auzia
Artxibatu egin dute Teknologia Parkeetako presidentearen aurkako kasua
Horren aurrekoa, Julian Sanchez Alegria, baina, inputatuta dago oraindik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epsilon auziko instrukzio-epaileak artxibatu egin du Jose Miguel Corres Abasolo EAEko Teknologia Parkeetako presidentearen aurkako kasua. Testigantza faltsuak egitea eta hainbat delitu estaltzea egotzita inputatuta zegoen.
Erabaki judizialaren berri Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak eman du, Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatutako agerraldi batean.
Igor Lopez de Munain legebiltzarkideak azalpenak eskatu zizkion Tapiari, Teknologia Parkeen presidentearen inputazioa dela eta.
Sailburuak autoaren hainbat pasarte irakurri ditu. Horietako batean, epaileak ebatzi du ikerketan ez dela “froga bakar bat ere” aurkeztu Corres Abasolok Epsiloneko delituen berri zuela ondorioztatzeko.
EAEko Teknologia Parkeen egungo presidentearen aurkako auzia artxibatu egin badute ere, horren aurrekoa, Julian Sanchez Alegria, inputatuta dago oraindik. Kasu horretan, Arabako Fiskaltzak prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi dio, beste hainbat delituren artean.
Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigorra eskatu du Joan Villadelprat eta Mark Payne Epsilon proiektuaren sustatzaileen aurka, hainbat delitu ekonomiko egotzita.