Politika -

Katalunia

Kataluniako parlamentu berria osatuko da gaur

135 diputatuk hartuko dute eserlekua Kataluniako ganberan, eta horietatik 85 berriak izango dira. Bitartean, JxSi eta CUP alderdien arteko negoziazioek ez dute etenik, hurrengo gobernua erabakitzeko.

Kataluniako Parlamentua. Artxiboko irudia. EFE.
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko irudia. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak bere XI. Legealdia abiatuko du gaur. 11:00etan hasiko den saioan, 135 diputatuk hartuko dute eserlekua ganberan, horietatik 85 berriak. Bien bitartean, Junts pel Si eta CUP alderdiak negoziaziatzen jarraituko dute, Kataluniako gobernu berriaren osaketa erabakitzeko. Presidente nor izango airean dago, oraindik.

Parlamentua osatzeko legeak ezartzen duen azken eguna da gaurkoa. Presidenteari dagokio eguna deitzea, eta Artur Mas Kataluniako jarduneko presidenteak zehaztu duenez, gobernu berria osatzeko negoziazioak "konplexuak" izaten ari dira, eta horri egotzi dio ganbera osatzeko eguna azken egunera arte atzeratzea. Masek joan den asteazkenean nabarmendu zuenez, gauzak ondo egin nahi badira, "denbora eta pazientzia" behar dira.

Behin osatuta, Kataluniako Parlamentuaren argazkiaren kolorea asko aldatuko da, aurreko legealdikoarekin alderatuta.

Junts pel Si eta CUP alderdietako diputatuek ganberaren ezkerraldeko aulkiak hartuko dituzte, eta gainerako taldeek, eskuineko aldeko lekuak, orain arteko egitura tradizionala hautsiz; hala, independentziaren aldekoen eta kontrakoen bi bloke nabarmen bereiziko dira.

Ezustekorik ezean, Carme Forcadell Junts pel Siko zerrendako bigarrenak hartuko du Parlamentuaren Mahaiko presidente kargua. Presidenteordetza eta bi idazkaritza ere, Junts pel Siren esku geratuko dira. Ciudadanosek beste presidenteordetza hartuko du, eta PSCk eta SiQueEsPotek idazkaritza bana.

Mahai berria osatuta, presidenteak taldeekin bilerak abiatuko ditu, inbestidura saioa deitzeko eguna erabakitzeko.

Parlamentua osatu eta gehienez 10 eguneko epea dute inbestidura saioa deitzeko. Beraz, azaroaren 9a (Kataluniako kontsultaren urteurrena) litzake horretarako azken eguna.

Lehendabiziko inbestidura saioan presidentea izendatuko ez balitz, bi hilabeteko epea zabalduko da, saio berriak deitzeko. Akordiorik erdiesten ez bada, beranduenez urtarrilaren 9an hauteskundeak deitu beharko dituzte, berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako hauteskundeak