Politika -

Elkarrizketa

Urkulluk nahiago du Rajoyk ez jarraitzea Espainiako Gobernuan

Lehendakariak legezko eta itundutako kontsulta baten alde egin du, ezin direlako kontsultak "zapata kutxetan" egin, lotesleak ez direlako eta balio juridikorik ez dutelako.

Urkulluk ez du nahi Rajoy berriro ere presidentea izatea

2:07

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ez du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren "egungo" presidentearekin jarraitu nahi, "berdin jarraitzen badu". Lehendakariak azpimarratu du legegintzaldia "korapilatsua, protesta ugarikoa, elkarrizketarik gabekoa, inposizioz betea eta bizikidetza politikoaren normalizazioan lagundu ez duena" izan dela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, kezkatuta agertu da Podemosek eta Ciudadanosek "Estatuko gobernagarritasunerako giltza" izan dezaketelako abenduaren 20ko hauteskunde orokorren ostean, lehenengoak Kontzertu Ekonomikoa aldatu eta bigarrenak, kendu egin nahi baitu.

Hala ere, aitortu du "zoritxarrez, autogobernuan aurrera egiteko" aukera bakarra "Espainiako Gobernuak EAJren botoak behar izatea dela", eta hala izan dela behintzat orain arte.

Hala, hauteskundeetatik zein gobernu ateratzea nahiko lukeen galdetuta, erantzun du "estatu anitza, hainbat nazionalitate dituena onartzen duena" nahiko lukeela, "nazionalitate horietako indar nagusiekin" akordioak bilatzen dituena, eta "Euskadiren autogobernuarekin eta bizikidetza politikoaren normalizazioarekin konpromisoa" duena.

Katalunia

Kataluniari dagokionez, Urkulluk esan du ez dakiela zer gertatuko den etorkizunean, baina "erantzun politikoa Estatuaren elkarrizketaren bidez" iritsi beharko dela uste du.

Hala ere, ukatu egin du Kataluniak Espainiako Estatuan izan dezakeen irtenbideak Konstituzioan EAEri aitortzen zaizkion "eskubide historikoen urraketa" eragin dezakeenik, eta gogorarazi du trantsizioan Kataluniari Kontzertuaren antzeko eredua eskaini zitzaiola eta ez zuela onartu.

CDCk ustez jaso zituen % 3ko komisioen inguruan, Urkulluk esan du ez lukeela lepoa jokatuko "inorengatik", ezta Artur Masengatik ere.

Foru nazioa

Lehendakariak "foru nazioa" kontzeptua azaldu du, eta onartu du "zailtasun handiak" dituen eztabaida dela, nahiz eta Konstituzionan EAEko lurraldeei aitortzen zaizkion eskubide historikoetan oinarritzen den.

"Prozesu dinamikoa eta mailakatua izango litzateke, euskal gizartearen gehiengoaren babesa beharko luke autogobernuaren kontzeptu moderno horrek, eta EBra bideratuta", gaineratu du.

Era berean, "nazio izatearen inguruko kontzientzia politikoa" sustatu beharko litzatekeela uste du, zazpi lurraldeen (Euskal Herria) ikuspegitik.

Kontsulta

Lehendakariak legezko eta itundutako kontsulta baten alde egin du, ezin direlako kontsultak "zapata kutxetan" egin, lotesleak ez direlako eta balio juridikorik ez dutelako.

Urkulluk EH Bilduk Legebiltzarrean sustatu duen Kontsulta Legea izan du hizpide, koalizioak esaten baita "nahi izanez gero, herritarrak kontsulta" daitezkeela.

"Lotesleak eta egiazkoak izatea nahi badugu, ez dirudi nahi izatea nahikoa denik. Nahi izanez gero, antola daitezke kontsultak zapata kutxetan edo hautetsontzietan, baina inolako balio juridikorik gabe, eta herritarrei planteamendu serioak egin behar zaizkie", gaineratu du.

Hori dela eta, lehendakariak eta EAJk "erabakitzeko eskubidean oinarritutako legezko eta itundutako kontsulta" proposatzen omen dute, Eskozian eta beste leku batzuetan ikusi denaren tankerakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria Espainiako hauteskunde orokorrak Ciudadanos alderdia