Politika -
SOZIOMETROA
EAJ izango da lehen indarra EAEn, eta EH Bildu bigarrena
Eusko Jaurlaritzak kaleratutako Soziometroaren arabera, EAJk sei eserleku eskuratuko ditu Espainiako Hauteskunde Orokorretan, orain baino bat gehiago, eta EH Bilduk lau lortuko ditu, bi galduta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak urriaren 13tik 19ra egindako Soziometroaren txostenean agertzen denez, EAEn, EAJ izango da alderdi bozkatuetan Espainiako hauteskunde orokorretan, eta 6 eserleku lortuko ditu, orain baino bat gehiago. Atzetik geratuko da EH Bildu, laurekin, eta lehen zituenak baino bi ordezkari gutxiagorekin. Ahal Dugu hirugarren indarra izango da, 4 ordezkari lortuta.
Abenduaren 20ko hauteskundeei begira egindako inkesta horren arabera, PSE-EEk bi diputatu galduko ditu EAEn, eta PPk bat; bina ordezkari lortuko dituzte.
Ciudadanosek, UPyDk eta IU-Ezker Anitzak ez dute ordezkaririk eskuratuko.
EAJk aurrea hartuko dio EH Bilduri alderdi bozkatuenen zerrendan (2011n ezker abertzalea Amaiur koalizioan joan zen), eta Bizkaiko hiru diputatuei eta Arabako bakarri eutsiko die, baina Gipuzkoan bat kenduko dio EH Bilduri, eta bi lortuko ditu, 2011n baino bat gehiago.
EH Bilduk diputatu bat galduko du Gipuzkoan, eta birekin geratuko da, baina bozkatuena izaten jarraituko du lurralde horretan. Koalizio abertzaleak Bizkaiko bi diputatuetako bat galduko du, baina Arabakoari eutsiko dio.
Ahal Dugu (hauteskunde orokorretan lehen aldiz aurkeztuko da) hirugarren alderdi bozkatuena izango da EAEn, 4 diputatu lortuko baititu: 2 Bizkaian (bigarren indarra izango da bertan, EAJren atzetik), 1 Gipuzkoan eta 1 Araban.
PSE-EEk 2011ko bozetan lortutako diputatuen erdiak galduko ditu (4tik 2), eta Araban ez du ordezkaririk lortuko. Bizkaian, diputatu bakarra lortuko du (bi izan ditu urteotan), eta 2011n bigarren indarra izatetik 2015ean laugarrena izatera pasatuko da, EAJren, Ahal Duguren eta EH Bilduren atzetik. Sozialistek Gipuzkoan duten diputatu bakarrari eutsiko diote.
PPk, bestalde, ez du ordezkaririk lortuko Gipuzkoan (orain bat du), baina Bizkaian eta Araban dituen bi diputatuei eutsiko die. Araban, gainera, alderdi bozkatuena izaten jarraituko du.